Gizartea -

Koronabirusa

Covid-19aren aldaera britainiar berriarekin kutsatutako kasuak topatu dituzte Europan

Frantziak, Espainiak, Danimarkak, Suitzak, Herbehereek eta Italiak dagoeneko baieztatu dituzte lehen kasuak. Horrez gain, Madrilen, kasu susmagarri batzuk aztertzen ari dira.

Covid-19aren aldaera britainiar berriarekin kutsatutako kasuak topatu dituzte Europan
Covid-19aren aldaera britainiar berriarekin kutsatutako kasuak topatu dituzte Europan
Covid-19aren aldaera britainiar berriarekin kutsatutako kasuak topatu dituzte Europan

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuan atzeman duten koronabirusaren aldaera berria, jatorrizkoa baino askoz kutsagarriagoa dena, Europako hainbat herrialdetan baieztatu dute dagoeneko, hala nola Espainian, Danimarkan, Suitzan eta Herbehereetan, baita Frantzian ere (ostiralean baieztatu zuten lehen kasua).

Danimarkak 33 kasu zenbatu ditu dagoeneko, Serum Danimarkako Estatuko Institutuaren arabera. Ildo horretatik, azaroaren 14tik abenduaren 14ra bitartean egindako proben emaitzak izan dituzte kontuan. Nabarmentzekoa da, gainera, gaitza atzemateko probetan positibo eman duten 33 pertsona horiek ez direla beste herrialde batera joan.

Italiako agintariek, berriz, sei kasu baieztatu dituzte larunbat honetan Campania eskualdean, hiru Veneto eskualdean, bi Apulia eskualdean eta bat Abruzzo eskualdean. Lehen positiboa Gabon gauean baieztatu zuten. "Zientifikoki frogatu dugu udako birusak ez zuela zerikusirik izan ez lehen fasearekin ez egungoarekin", azaldu du Luca Zaia Veneto eskualdeko presidenteak kazetarien aurrean egindako prentsaurreko batean.

Suitzak ere Britainia Handiko aldaeraren kasuak baieztatu ditu, hiru zehazki, Osasun Publikoko Bulego Federalaren arabera. Erresuma Batuan bizi diren bi pertsonak positibo eman dute azken bi egunetan, eta hirugarren kasu bat baieztatu dute larunbat honetan.

Frantziako Osasun Ministerioak, bestalde, Erresuma Batuko aldaera berriaren lehen kasua atzeman zuen ostiralean. Kutsatua gizonezko bat izan zen eta Tours hirian zegoen, bertako ospitalean positibo eman baitzuen abenduaren 21ean, BFMTVren arabera.

Azkenik, Madrilgo Erkidegoko Osasun Publikoko Zuzendaritza Nagusiak larunbat honetan baieztatu duenez, covid-19aren aldaera britainiar berriarekin kutsatutako lau kasu atzeman dituzte eskualdean, eta beste hiru kasu susmagarri aztertzen ari dira une honetan.

Hala adierazi du Antonio Zapaterok, Madrilgo Osasun Publikoko eta covid-19 Planeko sailburuordeak, Madrilgo Erkidegoko egoera epidemiologikoaren bilakaerari buruzko datuak emateko agerraldian.

Ildo horretatik, Osasun Publikoko Zuzendaritza Nagusiak alerta bat bidali zuen abenduaren 23an eskualdeko osasun-zentro guztietara, koronabirusaren aldaera britainiar berriaren (B.1.1.7) balizko kasuak Madrilgo Erkidegoan egon zitezkeelakoan.

Hain zuzen ere, Erresuma Batutik berriki iritsitako herritarrekin lotutako hainbat kasu aztertzen ari zirelako bidali zuten alerta hori.

Gaur goizean bertan, sare publikoko Mikrobiologia zerbitzuek hiru kasu baieztatu dituzte familia berean (aita, ama eta arreba); izan ere, aurreko astean Erresuma Batutik hegazkinez heldu zen familia horretako kide bat (semea), aldaera britainiar berriarekin kutsatuta.

Laugarren kasua, Erresuma Batutik etorritako beste gazte bat da, aurrekoekin zerikusirik ez duena eta Madrilen abenduaren 20an lurreratu zena. Koronabirusarekin bateragarriak ziren sintomak zituelako egin zioten PCR proba gazteari.

Dena dela, lau pertsonetako bat ere ez dago larri, Osasun Publikoko sailburuordearen arabera, eta lasaitasunerako deia egin du, koronabirusaren aldaera britainiarra kutsakorragoa delako, baina ez duelako egoera larriagorik eragiten.

Testuinguru horretan, beste hiru kasu susmagarrien emaitzak datorren astean (asteartean edo asteazkenean) ezagutuko dituztela azaldu du Zapaterok.

Horrenbestez, sailburuordeak arduraz jokatzeko deia egin die herritarrei, eta birusaren transmisioa saihesteko eraginkorrenak diren babes-neurriak kontuan izateko eskatu du: maskara erabiltzea, distantzia fisikoa mantentzea, eskuak maiz garbitzea eta toki itxiak maiz aireztatzea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Erresuma Batua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Madril Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa