Publizitatea
Itxi

2021/01/23

13:01

Gizartea

Koronabirusa

Beste 104 pertsona ospitaleratu dituzte covid-19arengatik azken orduetan EAEn

Mikel Dominguez | EITB Media

Zaintza intentsiboetako unitateetan ez da aldaketarik egon, eta covid-19a duten 109 gaixo daude. 1.140 positibo berri eta % 8,4ko tasa erregistratu dituzte autonomia erkidegoan.

  • Txagorritxu ospitalea, Gasteizen.

    Txagorritxu ospitalea, Gasteizen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

1.140 covid-19 kasu berri atzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan azken orduetan, aurreko egunean baino positibo bat gutxiago, Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak emandako datuen arabera. Larunbat honetako kopurua orain dela aste bat atzemandako datuen ia bikoitza da.

Ostiralean 13.642 proba diagnostiko egin dira. Beraz, positibo tasak apur bat egin du behera, eta % 8,4 da.

Lurraldeen arabera, Bizkaiak jarraitzen du izaten eguneko positibo berri gehien erregistratzen dituena. 630 covid-19 kasu atzeman dira lurralde historiko horretan. Gipuzkoan 292 erregistratu dira, eta Araban, 208.

Ospitaleak jasaten ari diren presioak gorako bidean jarraitzen du. Azken orduetan 104 pertsona ospitaleratu dituzte covid-19arengatik. Zaintza intentsiboetako unitateetan ez da aldaketarik egon ostiraleko datuekin konparatuta. 109 daude ZIUn covid-19arekin.

Udalerrien eta R0 indizearen inguruko informazioa astelehenean eguneratuko du Osasun sailak.

Nafarroan ere, igoera nabarmena azken astean

Covid-19an kutsatu kopuruak altua izaten jarraitzen du Nafarroan. Gobernuak eman dituen behin-behineko datuen arabera, zertxobait jaitsi dira kasuak azken 24 orduetan, bezperan izandako 313 kasuak kontuan hartzen badira (azaroaren 6tik ez zen horrelako zenbaki alturik ikusten), baina 250 kasu berritik gora jarraitzen du egoerak.

Izan ere, 3.313 PCR eta antigeno test egin ziren atzo Nafarroan, eta horietatik 263k positibo eman zuten, egindako proba guztien %7,9k, hain zuzen ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena