Gizartea -
Genero indarkeria
Bost astean gertatutako laugarren eraso sexista salatu dute Barakaldon
"Indarkeria matxistak ez du atseden hartzen, ezta Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperetan ere", salatu du Argitan elkarteak elkarretaratzean.
EITB Media | Agentziak
Dozenaka pertsona Argitan emakumeentzako aholku etxeak deitutako elkarretaratze batean hartu dute parte, Barakaldon (Bizkaia) azken asteetan gertatutako laugarren eraso matxista salatzeko.
Ostiralean, Udaltzaingoak bere bikotekide ohiari eraso zion gizon bat atxilotu zuen, genero indarkeria delitu batengatik. Kalean jo zuen, lagunekin zegoela.
Adierazpen batean, Argitanek esan du eraso hori azken bost astean erregistratu den laugarrena izan dela. Beste hiruretan, "barakaldar bat kuter batekin mehatxatu du bere bikotekidea, beste bat sexu abusuen biktima izan da eta beste bat bortxatu egin dute".
Dozenaka pertsona izan dira Herriko Plazan egin duten elkarretaratzean, Erasorik ez, erantzunik gabe lelopean.
"Indarkeria matxistak ez du atseden hartzen, ezta Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperetan ere, eta horregatik beharrezkoa da erakunde publikoek ere treguarik ez ematea eta neurri osoak eta eraginkorrak martxan jartzea emakumeak babesteko", esan du duela 25 urtetik Barakaldo emakumeei babesa eskaintzen dion Argitan elkarteak.