Gizartea -

Koronabirusa

Urtebete igaro da EAEk osasun alerta indarrean jarri zuenetik

2020ko martxoaren 13an, Espainiako presidente Pedro Sanchezek alarma egoera ezarri baino egun bat lehenago, lehendakariak osasun alerta iragarri zuen, covid-19aren pandemiari aurre egiteko.

Donostiako Konstituzio plaza. Argazkia: EFE
Donostiako Konstituzio plaza
Donostiako Konstituzio plaza. Argazkia: EFE

L.Z. | EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, martxoak 13, urte bat bete da Eusko Jaurlaritzak EAEn osasun alerta edo larrialdi aitorpena indarrean jarri zuenetik. Horrekin, asmo zuen salbuespeneko neurriak hartzeko eskumena izatea, pertsonak etxean konfinatu ahal izateko edota "leku arriskutsuetan" sarbidea debekatzeko.

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri zuen neurria, egun hartako Gobernu Kontseiluaren ezohiko bileraren osteko agerraldian.

Bi aste lehenago, 2020ko otsailaren 27an, lehen covid-19 kasuak atzeman zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan: Txagorritxu ospitaleko (Gasteiz) sendagile bat eta Milanetik iritsi berria zen emakume gipuzkoar bat.

Txagorritxu ospitalea. Argazkia: EFE

Txagorritxu ospitalea. Argazkia: EFE

Egun bat geroago, Osasun sailburu zenak, Nekane Murgak, hirugarren kasu baten berri eman zuen: Txagorritxuko langile bat, eta martxoaren 4an, covid-19ak eragindako lehen heriotza gertatu zen EAEn; 82 urteko gizon bat hil zen Bizkaian. Gaixotasun kronikoak zeuzkan, eta pneumonia ere bazeukan. Euskal Herri osoko lehen biktima izan zen, eta espainiar Estatuko bigarrena. Galdakaoko ospitalean zendu zen.

Garai hartan, 24 pertsona zeuden kutsatuta Euskal Herrian: 16 Araban, bi Gipuzkoan, hiru Bizkaian, bi Nafarroan eta bakarra Lapurdin.

Hurrengo egunak are okerragoak izan ziren, eta Gasteiz zuten agintariek arretagune nagusi, lekurik kaltetuenetakoa baitzen. Horregatik, martxoaren 9an ikastetxe guztiak itxi zituzten bertan, Jaurlaritzak emandako aholkua betez. Guztira, 62 ikastetxe eta EHUren zazpi zentro zarratu zituzten, eta 61.000 ikaslerengan izan zuen eragina horrek.

Bastida izan zen eskolak ixten lehena, eta berehala Gasteizek jarraitu zion
Bastida izan zen eskolak ixten lehena, eta berehala Gasteizek jarraitu zion
Bastida izan zen eskolak ixten lehena, eta berehala Gasteizek jarraitu zion

1:26

Bastida izan zen ikastetxeak ixten lehena

24 ordutan, EAEk eta Estatuak ere neurri zorrotzagoak hartu zituzten. Kultura eta Kirol Ministerioak, esaterako, kirol ekitaldi guztiak, profesionalak barne, ateak itxita egitea erabaki zuen, eta Espainiako Gobernuak Italiara hegazkinez bidaiatzea debekatu zuen, 14 egunez. Gasteizen, bestalde, kirol instalazio publiko zein pribatuak itxi zituzten, eta kultur arloan ere nabaritu zen egoeraren larritasuna. Izan ere, besteak beste, Iruña Rock jaialdia bertan behera utzi zuten.

Birusaren mehatxuari erantzun nahian-edo, koronabirus agerraldia pandemia mailara igo zuen Munduko Osasun Erakundeak. Tedros Adhanom zuzendari nagusiak eman zuen berria, martxoaren 11n.

Gehiago luzatu gabe, EAEk ere ikastetxeak ixteko erabakia hartu zuen. Martxoaren 12an heldu zen iragarpena, eta handik egun batera zarratu zituzten zentro guztiak, Arabakoak salbu, non egun bat arinago itxi zituzten.

Datuen bilakaera okerrera egiten ari zen nabarmen: 346 pertsona zeuden dagoeneko kutsatuta (259 Araban, 71 Bizkaian eta 16 Gipuzkoan). Gainera, 11 heriotza zenbatu zituzten ordura arte EAEn.

Osasun langileak txaloka

Osasun langileak leihoetan txaloka. Argazkia: EFE

Egoerak behartuta, Jaurlaritzak osasun alerta ezarri zuen indarrean martxoaren 13an. Urkulluk onartu zuen egoera "larria" zela, eta oraindik okerrena iristeko zegoela. Hartara, "norbanakoen, familien eta enpresen esfortzua" eskatu zuen, "bereziki, osasun langileena".

Lehendakariaren iragarpena hurrengo egunean helduko zenaren atarikoa izan zen. Iazko martxoaren 14an, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek alarma egoera ezarri zuen. Egun bat geroago ofizialdu zuten neurria, eta horri esker Estatuko pertsona guztien mugikortasuna mugatu zuten. Etxean geratzeko agindua jaso zuten herritar guztiek, eta salbuespen kasuetan soilik baimendu zuen Gobernuak kalera ateratzea.

Gasteizko kale bat hutsik. Argazkia: EFE

Gasteizko kale bat hutsik. Argazkia: EFE

Egoerari buelta eman ezinda zeudela, martxoaren 19an albiste txar batekin esnatu ziren berriro euskal herritarrak. Osasun langileen artean izandako lehen heriotza jazo zen egun hartan. Galdakaoko ospitalean lanean ari zen erizain bat izan zen, hain zuzen ere, osasun langileen artean lehen biktima.

Hilabete eta erdi pasatxo etxetik irten gabe egon ostean, maiatzaren 2an kalera ateratzeko baimena eman zuten, betiere, paseoak edo kirola egiteko baldin bazen. Adin tarteka antolatu zituzten irteerak. Bi egun geroago, maiatzaren 4an, hasi zen deseskalatzea, 0 faseari ekinda, eta astebetera, maiatzaren 11n, lehenengo fasea abiatu zuten EAEn, segurtasun neurri zorrotzak tarteko.

Jendea Bilbotik paseoan. Argazkia: EFE

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea