Publizitatea
Itxi

2021/03/15

15:16

Gizartea

KORONABIRUSA

Intzidentzia metatuak eta birsorkuntza tasak zertxobait gora egin dute Euskadin

N. B. | EITB MEDIA

EAEn 246 positibo atzeman dituzte azken orduetan eta positibotasun tasa % 4,6koa da. Zainketa intentsiboetako unitateetako oheen okupazioa 100 gaixoen azpitik dago.

1:13
Intzidentzia metatuaren bilakaera. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Euskadin covid-19aren kasuek behera egin dute, 246 positibo berri atzeman baitituzte azken orduetan, baina 100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako kasu positiboen tasak gora egin du asteburuan eta 201,98an kokatu da igande honetan, larunbatekoaren antzera (201,80) baina ostiralekoa baino puntu bat gorago (200,62).

Positibotasuna % 5etik behera mantendu da asteburuan, eta % 4,6an zegoen igandean. Gainera, aurreko astean (8tik 14ra) izandako positiboen ehunekoa % 4,4ra igo da, aurreko zazpi egunetan (martxoaren 1etik 7ra) baino gehiago, % 4,1eko izan baitzen, eta, beraz, aurreko asteko balioetara itzuli da (% 4,4koa otsailaren 22tik martxoaren 3ra).

Gainera, igande honetan beste parametro negatibo bat eman da; izan ere, birsorkuntza tasa (pertsona batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du) 1etik gora dago; hau da, gaixo batek 1,01 pertsona kutsa ditzake. Bizkaia (1,01) eta Gipuzkoa (1,05) 1etik gora daude dagoeneko, eta Araba, oraingoz, 1etik behera dago; 0,94an, hain zuzen ere.

Atzo, igandea, 5.348 proba diagnostiko egin zituzten, larunbatean baino 614 gutxiago, eta 246 positibo berri atzeman zituzten; larunbatean, berriz, 295 izan ziren.

Bizkaian, 136 kasu berri atzeman dituzte; Gipuzkoan, 66; Araban, 41; eta EAEtik kanpo bizi diren hiru pertsonak ere eman dute positibo.

Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeak aurreko astean ohartarazi zuenez, "azken asteetako moteltze progresiboaren ondoren" intzidentzia-tasa "geldialdi argi batera iritsi zen", eta horrek, agian, "kurba epidemiologikoaren gorakada" ekar lezake, eta, ondorioz, baliteke osasun-neurriak gogortu behar izatea.

Lurralde historikoen arabera, Gipuzkoa da intzidentzia metatu txikiena duena, baina bilakaera negatiboa dauka, ostiralean metatutako 176,5 kasuetatik 181,97ra igaro baitzen atzo. Araban eta Bizkaian egoerak hobera egin du, baina apur bat: 214,71 kasutik 212,2ra eta 207,13tik 206,78ra, hurrenez hurren.

Pandemiak EAEko hiru hiriburuetan izan duen bilakaerak lurraldeetako joera berari jarraitzen dio: Bilbon, metatutako tasa 218,48ra jaitsi da, eta Gasteizen, 243,06ra; Donostian, berriz, metatutako intzidentzia 93,21era igo da, nahiz eta datu onenak dituen hiriburua den oraindik.

Ospitaleetan, 14 ospitaleratze berri izan dira igande honetan; larunbatean baino 28 gutxiago. Gainera, koronabirusa duten 97 paziente daude zainketa intentsiboetako unitateetan (bezperako kopuru bera).

Astearen hasieran, 99 ikasgela daude itxita

Astelehen honetan, 99 ikasgela itxi dituzte 67 ikastetxetan, aurreko ostiralean baino 25 gela gehiago, hau da, ikasturte honetan 2 urtetik hasi eta derrigorrezko hezkuntza ez-unibertsitarioraino dauden eskolen % 0,56.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena