Gizartea -

Basoen Nazioarteko eguna

Bizirauteko ezinbestekoak

Euskal Herriko basoak osasuntsu daude, baina etengabe aldatzen ari dira. Radiata pinuaren areagotzeak, banda marroiak eta basoen kudeaketan izandako aldaketek goitik behera aldatu dituzte basoak.

Koniferak EAEko zuhaitz azaleraren % 43,7 dira. Argazkia: Artxiboa.
Euskal basoak
Koniferak EAEko zuhaitz azaleraren % 43,7 dira. Argazkia: Artxiboa.

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argia piztu, liburu bat irakurri, botikak hartu edota baso bat ur edan. Egunero burutzen ditugun ekintzak dira, baina basoekin maiz erlazionatzen ez ditugunak. Halaz ere, uste baino gehiago baldintzatzen gaituzte mendiek. Giza ikuspuntu batetik, gure bizitzaren zati handiena hornitzen dute; ia bi mila milioi pertsona basoen menpeko dira bizirauteko.

Baina funtsezkoak dira, batez ere, bizileku dituzten ekosistemen biziraupena bermatzeko. Basoek eta zuhaitzek oreka eskaintzen diote naturari, eta lokarri gisa jarduten dute naturako elementuen eta izaki bizidunen artean. Zorua babestu eta luiziak eragozten dituzte, euri jasen aurrean zuhaitzen sustraiek gogor eusten baitiote lurzoruari. Uraren zikloa ere doitu egiten dute, eta bikainak dira airea arazten. Gainera, basoko fauna babesten dute kanpoko mehatxuengandik.

Oihanak ere ezinbestekoak dira klima-aldaketaren efektuak arintzeko. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera, zuhaitzek eta landareek 2.000 milioi tona karbono dioxido xurgatzen dituzte urtero, eta planetako oxigeno iturri garrantzitsuenetakoak dira.

Halaber, planetako beste ekosistema batean aurkitu ezin daitekeen biodibertsitatea dute basoek, NBEren arabera munduko animali eta landare espezieen % 80 hartzen baitituzte; 60.000 zuhaitz espezie ere biltzen dituzte.

Mehatxu nagusiak

Nahitaezkoak badira ere, arriskuan daude ekosistema horiek. Lurrazalaren % 31 estaltzen dute oihanek, baina kopuru horrek nabarmen egin du behera deforestazioaren kariaz. 1990etik 420 milioi hektarea desagertu dira.

Nekazaritza da horren erantzule nagusia. Jatorriz zuhaitzez estalitako azalera andana nekazaritzarako lur edota ganaduaren bazkaleku bihurtu da orain, biztanleriare

Campo de cultivo

Aitzitik, baso azaleraren galera mantsotuz joan da azken urteetan. Kezkagarriak dira oraindik datu horiek, baina azken 30 urteetan urteko deforestazio tasak 6 milioi hektarea egin du behera. NBEk aitortu du norabidea positiboa dela, baina adierazi du 25 urte beharko direla deforestazioa amaitzea lortzeko; helburua 2020an bukatzea zen hasiera batean.

Euskal Herriko basoen erradiografia

Euskal Herriko egoera ez da hain kezkagarria, baina basoak etengabe aldatzen ari dira. Aurreko mendean Radiata pinuaren areagotzeak, zuhaitzen gaixotasunak eta basoen kudeaketan izandako aldaketek basoen panorama goitik behera aldatu dute.

HAZI fundazioak ateratako azken txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) % 54 dago zuhaitzez estalita. Hostozabalak dira nagusi (% 56,2), eta, gainera, handitu egin da kopuru hori aurreko urtetako datuekin konparatuz gero. Halaber, espezie hostozabalek Araban dute presentzia handiena, zuhaitz guztien % 70 baitira horrelako.

Koniferak, ordea, EAEko zuhaitz azaleraren % 43,7 dira, eta Gipuzkoan eta Bizkaian dago espezie horien kopuru handiena. Gainera, horien azalerak behera egin du urtez urte, radiata pinuarenak batez ere, 28.000 hektarea galdu baititu azken 15 urteetan.

Oihan mistoak ozta-ozta estaltzen du zuhaitz azaleraren % 10, baina hedatzen ari den baso mota bat da, larreen uztearen edota pinudien mozketaren ondorioz. Enbor eta haziz osatutako hostozabal ezberdinek egituratzen dute oihan mota hau, eta Gipuzkoak du azalera handiena: zuhaitz-azaleraren % 16.

Nafarroan, 460.000 hektarea daude zuhaitzez estalita, lurralde osoaren % 46. Hostozabalek baso azaleraren ia % 61 betetzen dute; koniferek, berriz, % 21 besterik ez. Foru Erkidegoko basoen % 18 da mistoa, EAEn baino dezente gehiago.

Basoa fundazioko presidenteorde Aitor Onaindiaren esanetan, ordea, basoak ez dira espezie bakarrekoak, mota ezberdinetako zuhaitzak hazten baitira bertan. "Baso-inbentarioei buruzko txosten laburtu horiek presentzia handiena duen espeziearen arabera sailkatzen dituzte basoak; beraz, azalera monoespezifikoak dirudite. Datuak osotara aztertuz gero, ordea, espezie desberdinak azaltzen dira % 80 batean", azaldu du.

Onaindiaren aburuz, bereziki koniferek osatutako basoetan gertatzen da hori, pinuek argia lurrera iritsi dadin laguntzen baitute, hostozabalak haztea ahalbidetuz.

Hain zuzen ere, radiata edo intsinis pinua da espezie ohikoena EAEko basoetan. 109.000 hektarea betetzen baditu ere, gehien murrizten ari den espeziea da. Pagoa da zerrendan bigarrena; 55.000 hektarea ditu eta espezie hostozabal ugariena da. EAEn ez bezala, Nafarroako zuhaitzik ugariena da pagoa, eta 145.000 hektarea estaltzen ditu. Radiata pinuak, ostera, 5.000 hektarea besterik ez ditu betetzen.

Banda marroia

Euskal Herriko basoen paisaia aldatu egin da azken hiru urteetan; pinuek udazken koloreko itxura hartu dute, eta hori ez da oso ohikoa espezie koniferoetan. Pinuaren banden gaixotasunak edo, bestela esanda, banda marroiak, kinka larrian jarri du euskal oihana.

Elkarreragiten duten hiru onddo patogenok bultzatzen dute pinuen hostoak marroitzen dituen gaitza. Gainera, zuhaitz horien hostoen erorketa goiztiarra ere eragiten du, baita horien hazkundean eragin ere.

Pinar afectado por la banda marrón

Guztira, 93.147 hektareari egin die kalte, eta 2018an izan zuen agerraldi latzena. Nafarroa eta Gipuzkoako iparraldean hasi zen izurria, eta aurka-apurka Bizkairantz hedatu zen, eta baita kalte larriak eragin ere bertan.

Gaitz horren kausak argitzeke badaude ere, Neikerreko zenbait ikerlarik baieztatu dute klima gakoa izan daitekeela. Hain zuzen ere, banda marroia beti agertu izan da kostaldeko zonalde heze eta epeletan, baina erraz kontrolatzeko moduan.

"Klima izan daiteke gakoa; 2018ko ezaugarri klimatikoek bizkortu ahal izan zuten hedapena", dio Onaindiak.

Greenpeace Euskadiko Mugimendu koordinatzailea den Lorea Flores ere klima izurritearen eragile gisa zehaztearen alde agertu da, eta, horren ustez, tenperaturak ahalbidetu du gaitza hedatzea.

Halaber, Gipuzkoako Basozainen Elkarteak dioenez, monolaborantzak eragina du honelako gaitzak hedatzeko prozesuan, ez baitute batere laguntzen izurri horiek saihesten, eta, ondorioz, faktore horrek lagundu izan zezakeen banda marroia hedatzen.

Gaur-gaurkoz, egoera hobea da, baina euskal pinudiak ez dira guztiz sendatu. 2020an 87.000 hektarea zeuden kalteturik, eta beste 9.438 moztu dituzte orain arte.

Lorea Floresek, ordea, krisia egoki kudeatu ez dutela salatu du. "Galerak saihestearren, ez ziren behar bezain neurri irmoak hartu gaitza atzeman zutenean, eta, ondorioz, gaixotasuna masiboki hedatu da. Horrek Euskadiko pinudien gehiengoari eragin dio eta krisi sakona eragin du baso sektorean", azaldu du.

Eukaliptoa

Eukaliptoa ez da espezie oparoenetakoa, baina garrantzi handia hartu du azken 15 urteetan, espezie horren landaketak % 77 hazi baitira.

Pinua oso errentagarria izan da tradizioz, bai egurraren kalitateagatik, bai hazkunde azkarrarengatik. Banda marroiak eragindako krisiaren ostean, gaixotutako pinuak bota eta eukaliptoa eta antzeko espezieak landatzeko hautua egin dute zenbait basoginek, pinuaren egurraren prezioa nabarmen jaitsi baita.

Onaindiaren esanetan, eukaliptoa landatzeko joera aspaldikoa da: "Pinuen gaixotasunak joera hori elikatu besterik ez du egin. Akats handia da pentsatzea eukaliptoak pinua ordeztuko duela; moztu zituzten pinu gaixoen % 40 soilik ordeztu dituzte pinuek".

Halaber, Onaindiak azaldu du espezie horrek erabilera anitzak eskaintzen dituela, eta munduko merkatuan eskaera gehien duen egurra dela. “Gainera, hazte-tasa oso azkarra da, eta bere egurra merkea”, gaineratu du.

Plantación de eucalipto

Alabaina, eukaliptoa onuragarria baino kaltegarriagoa izan daitekeela azpimarratu du Lorea Floresek. "Landaketa monoespezifikoak zaurgarriagoak izan daitezke suteen aurrean", argitu du.

Erronka nagusiak

Banda marroiak eragindako egoerak larritu egin du basoen egoera. Irmo ageri da Onaindia, eta ohartarazi du basoen kudeaketa dela baso sektoreak gainditu behar duen erronka nagusia. "Belaunaldi berriek ez dute basoak kudeatzen jarraitu nahi; horrek ondorio larriak dakartza basoen eboluzio eta egituraketan, hauek abandonatuta geratzen baitira. Egoera horrek lehorteak eta suteak eragin ditzake", dio.

Gainera, gizarteak basoak babesteko duen pertzepzioa okerra dela gaineratu du: "Basoak babesteak ez du esan nahi ukigabe utzi behar direnik. Gehiegi esku-hartzea negatiboa da, baina kudeaketa gehiegi murriztea ere kaltegarria da".

Larrialdi klimatikoari aurre egitea ere erronka garrantzitsuenetakoa da Lorea Floresen arabera: "Larrialdi klimatikoa kontuan hartuko duen baso-kudeaketa behar dugu, baso-masaren zaurgarritasuna murriztuko duena".

 

.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa NBE Gaixotasunak Euskal mendiak Gizartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Ingurumena Ura Nekazaritza Larrialdi klimatikoa