Gizartea -

Alarma-egoeraren amaiera

Ostalaritzak 22:00ak arte zabaltzeko aukera izango du Euskadin

Tabernetan eta jatetxeetan, barneko edukiera % 50ekoa izango da. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzean, gehienez 4 pertsona izango dira.

Donostiako kafetegi bat. Argazkia: EFE
Donostiako kafetegi bat. Argazkia: EFE
Euskal ostalaritzari arnasgunea ematen dio 22:00ak arte zabaltzeko aukera izateak

1:31

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostalaritzak 22:00ak arte zabaltzeko aukera izango du Euskadin. LABI instituzionala arratsaldean bildu da, alarma-egoera amaitu bezain pronto ezarriko diren neurriak zehazteko.

Honenbestez, ostalaritzak ateak 22:00etan ixteko aukera izango du Euskal Autonomia Erkidegoan, igandetik aurrera, hau da, orain arte baino bi ordu lehenago.

EAEko Auzitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritzaren dekretu zirriborroaren aurka azaldu ondoren, LABIren aholku batzordeak neurri sorta onartu du arratsaldean.

Tabernetan eta jatetxeetan, barneko edukiera % 50ekoa izango da. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzean, gehienez 4 pertsona izango dira, eta nahitaezkoa da maskara erabiltzea, irensteko unean izan ezik.

Mugikortasunari dagokionez, bertan behera geratzen dira itxiera perimetralak eta etxeratze agindua. Hala ere, gaueko mugikortasuna 23:00etatik 06:00etara “automugatzea” gomendatu du LABIk.

Bileratan, bertan behera geratzen da pertsonak elkartzeko muga, ostalaritzan eta kirolean izan ezik. Hala ere, 4 pertsona baino gehiagoren bilkurak saihestea gomendatzen da.

Oro har, 22:00etan establezimenduek itxi behar dute, eta kultura-, gizarte- eta merkataritza-jarduerak eten.

Merkataritzako aforoei dagokionez, 150 metro karratu baino gehiagoko saltokietan, % 40koa izango da; eta 150 metro karratura arte, % 60koa. Azoka txikietan, baimendutako postuen % 50a izango da.

Txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoek itxita jarraituko dute. Gaueko aisialdiari dagokionez ere, gaueko aisialdirako establezimenduek eta lokalek itxita jarraitzen dute.

Mugikortasuna "borondatez eta kontzienteki" mugatzen jarraitzea eskatu die Urkulluk herritarrei

Joko-lokalek ere 22:00etan itxi beharko dute, eta aforoa %50ekoa izango da.

Kultu-lekuek % 35eko edukiera izango dute. Beilatoki eta ehorzketetan: aire zabalean, 30 pertsona gehienez; eta leku itxietan, 6 gehienez.

Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren gidalerroak betetzen dituen protokoloa beharko dute Musika- eta ahots-jarduerek.

Azkenik, kirol-instalazioek % 50eko aforoa izango dute. Aldagelek,  % 35ekoa. Ikuslerik ez da izango kirol-ekitaldietan. Kirola egiteko, aire zabalean edo barnealdean, gehienez 6 pertsona bildu daitezke. Eskola-kirola entrenamenduan eta aldagelarik gabe posible izango da. Maskara nahitaez erabili behar da, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko bizietan izan ezik.

LABI osteko agerraldian, mugikortasuna “borondatez eta kontzienteki” mugatzen jarraitzea eskatu die Iñigo Urkulluk herritarrei.

Alarma-egoeraren amaierak eta EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak dekretu berria baldintzatu dutela onartu du lehendakariak.

“Erkidego ezberdinetan neurri berdinek guztiz kontrakoak diren erabaki judizialak eragitea gizarteari azaltzea eta ulertaraztea oso zaila da”, azpimarratu du buruzagiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Euskal jatetxeak Erizaintza Sendagaiak Ostalaritza Euskadin Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak LABI