Gizartea -

KORONABIRUSA

280 kasu berri atzeman dira EAEn, martxoaren 21etik izan den kopururik txikiena

Positibitate tasa % 4,5ekoa izan da, eta aspalditik lehen aldiz, atzo ez zuten covid-19 zuen gaixorik ospitaleratu Arabako Ospitale Unibertsitarioan, adibidez.

Osasun langile bat PCR proba egiten herritar bati. Argazkia: EFE.
Osasun langile bat PCR proba egiten herritar bati.
Osasun langile bat PCR proba egiten herritar bati. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19 kasuek izugarrizko beherakada izan dute EAEn azken orduetan. Ostiralean 407 kasu berri atzeman zituzten eta atzo, larunbata, 280, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldu dituen datuen arabera.

Positibitate tasa hamarren bat jaitsi da bezperatik eta % 4,5ean geratu da. Ospitaleko presioak ere nabarmen egin du behera, ZIUetan dauden gaixo kopuruan antzeman ez bada ere.

Atzo, 6.299 test diagnostiko egin zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan: 176 positibo detektatu zituzten Bizkaian, 80 Gipuzkoan, 23 Araban eta bi EAEtik kanpo bizi diren pertsonen artean.

Ospitaleratze kopuruak ere nabarmen egin du behera. Larunbatean 28 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten koronabirusarekin EAEko osasun zentroetan, aurreko egunean baino 33 gutxiago. Deigarria da atzo Arabako Ospitale Unibertsitarioan ez zutela covid-19a zuen inor ingresatu. Nolanahi ere, 145 gaixo larri daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperako kopuru bera.

100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa 316,59 kasukoa da EAEn.

Txertaketari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren % 18 erabat immunizatuta dago eta % 43k lehen dosia jaso du, Osasun Sailak emandako datuen arabera.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez, itxaropentsu daude datuekin, baina "ez dugu lasaitu behar".

Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak ere mezu bera eman du gaur Euskadi Irratian.

69 covid-19 kasu berri zenbatu dira Nafarroan, beheranzko joerari eutsiz

Oso poliki bada ere, covid-19aren kutsatze kopurua beheraka doa Nafarroan ere. Atzo, larunbata, 69 koronabirus kasu berri zenbatu ziren, bezperan baino 6 gutxiago, Foru Gobernuko Osasun Sailak zabaldutako behin behineko datuen arabera. Duela astebeteko (maiatzak 8) datuekin alderatuta, berriz, 32 kutsatze gutxiago erregistratu dira.

1.284 PCR proba eta test antigeno egin ziren atzo, eta positibotasun tasa % 5,4koa izan zen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak