Gizartea -
KORONABIRUSA
Intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du Euskadin, 261 kasukoa baita
351 positibo berri atzeman dituzte eta 374 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 131 ZIUetan, aurreko egunean bezala. R0 0,81ean dago oraindik.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Intzidentzia-tasa metatuak beheranzko bideari eutsi dio Euskadin, eta 100.000 biztanleko 261 kasu izan dira 14 egunetan. Gainera, 351 positibo berri utzi ditu pandemiak eta 374 pertsona daude ospitaleratuta, horietako 131 ZIUetan. R0 0,81ean dago oraindik.
Osasun Sailak ostegun honetan emandako datuen arabera, atzo 8.386 proba diagnostiko egin zituzten, eta positibotasun tasa % 4,2koa da. Asteartean erregistratutakoa baino hamarren bat handiagoa da, egun horretan 368 positibo atzeman baitzituzten, 500 test gehiago eginda.
Hala, positibotasuna % 4tik gora dago berriro Euskadin, astelehenean adierazle hori % 2,9ra jaitsi ostean.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, asteazken honetan 228 positibo eman dituzte Bizkaian, 101 Gipuzkoan, 20 Araban eta beste bi EAEtik kanpo bizi direnen artean.
Positibotasunak gora egin duen arren, hamalau eguneko intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du Euskadin, maiatzeko egun gehienen antzeko erritmoan.
Asteazken honetan, 100.000 biztanleko 261,1 kasu izan dira, eta 275,7 izan ziren bezperan. Adierazlerik onena Arabak du (137,1 kasu), ondoren Gipuzkoa dago (274,6) eta Bizkaiak da azkena (284,3).
Halaber, hiru hiriburuetan metatutako intzidentzia-tasak behera egiten jarraitzen du: Gasteizen 133,4 kasukoa da, Donostian 302,1ekoa eta Bilbon 322,9koa.
Gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duen oinarrizko birsorkuntza tasak egonkor jarraitzen du (0,81), asteartean igoera txiki bat izan ostean.
Euskadi osoan R0 indizea ez da igo, baina gorakadak izan dira hiru lurraldeetan: Araban 0,89ra iritsi da (sei egun daramatza gora), Bizkaian 0,84ra eta Gipuzkoan 0,76ra.
Asistentzia-egoeran nolabaiteko egonkortasuna eman da; izan ere, astearteko datuekin alderatuta, 3 gaixo gutxiago ospitaleratu dituzte (guztira 374 daude).
Zainketa intentsiboak behar dituzten pertsonen kopurua ez da aldatu azken bi egunetan (131), eta gela arruntetan 246tik 243ra jaitsi da. Asteazkenean, 46 pertsona ospitaleratu zituzten, bezperan baino 2 gutxiago.
Hezkuntza-sisteman, covid-19aren eragina jaitsi egin da. Zentro bakar batek ere ez du aurrez aurreko jarduera erabat etenda, baina 44ri eragiten diete covid-19aren kasuek, atzo baino 4 gutxiagori.
Zentro horietan, 56 gela itxi behar izan dituzte, asteazkenean baino 10 gutxiago (guztien % 0,32).