Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon batek emaztea hil du Madrilen

Gizonak arma luze batekin tiro egin dio bikotekideari, eta ondoren bere buruaz beste egin du Pozuelo de Alarconeko urbanizazio batean.

Pozuelo de Alarconeko (Madril) etxearen sarrera. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Pozuelo de Alarconeko (Madril) etxearen sarrera.
Pozuelo de Alarconeko (Madril) etxearen sarrera. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pozuelo de Alarconeko (Madril) urbanizazio batean bi gorpu agertu dira igande honetan. Espainiako Polizia ikertzen ari da. Aurreneko hipotesien arabera, gizon batek arma luze batekin tiro egin dio emazteari, eta ondoren bere buruaz beste egin du.

Poliziak 14:30 aldera iritsi dira etxebizitzara, 091 larrialdi zerbitzuak abisua eman ondoren.

Etxean, poliziek 66 urteko gizon espainiar baten eta 59 urteko emakume britainiar baten gorpuak aurkitu dituzte. Buruan eta bularrean tiroak zituzten.

Azken bi asteetan antzeko krimen matxistak gertatu dira Gironan, Guadalajaran, Sevillan eta Zaragozan.

Hilketa matxista bezala baieztatuz gero, Pozueloko biktima urteko 17. litzateke, eta bederatzigarrena maiatzaren 9az geroztik, alarma egoera altxatu zenetik, hain zuzen ere.

Gainera, Platja d'en Bossako (Eivissa) hotel batean, ostegun goizaldean, 26 urteko gizon batek 21 urteko emakume gazte bat hil zuen, baina oraingoz ez dute krimena matxistatzat jo.

"Nire elkartasun eta maitasun guztia familiari adierazi nahi diot une zail hauetan. Bizirik nahi ditugu", idatzi du Irene Montero Berdintasun ministroak sare sozialetan.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril Matxismoa Feminismoa