Publizitatea
Itxi

2021/07/24

15:05

Gizartea

Kantauri itsasoa

"Seguruenik, Kantauri itsasoan ez da espezierik guztiz desagertuko, baina beraien arteko oreka aldatuko da"

EITB Media

Xabier Irigoien AZTIko zuzendari zientifikoak klima-aldaketaren tokiko parametro garrantzitsuenei buruz hitz egin digu. Besteak beste, Kantauri itsasoko tokiko datuak erregistratzen ari dira.

1:12
Kantauri itsasoa. Argazkia: EITB Media
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

AZTIko ikertzaile-talde bat klima-aldaketaren tokiko parametro garrantzitsuenak aztertzen ari da. Ohikoa da planetako itsasoen batez besteko datuak ematea, baina, horiei esker, Kantauri itsasoko tokiko datuak ere erregistratzen ari dira. Xabier Irigoien AZTIko zuzendari zientifikoak horri buruz duen iritziaz hitz egin digu. Besteak beste, klima-aldaketak gure itsasoko itsas espezieen arteko oreka aldatuko duela esan digu.

"Zalantzarik gabe, itsas ekosistema aldatu egingo da, aldatzen ari da, eta dagoeneko ikusten ari gara nola aldatzen ari den", esan digu, "Oso argi dugu espezie batzuentzat (antxoarentzat, esate baterako) mesederako izango dela, ur epelagoak nahiago dituztelako, baina beste espezie batzuen ugaritasuna (sardinarena, adibidez) murriztu egingo da, ur hotzagoak nahiago dituztelako".

Ohiko uste bat da espezie batzuk desagertu egingo direla klima-aldaketak eraginda, baina Irigoienek ez du uste hemengo espezieen artean hori gertatuko denik. "Ez dira guztiz desagertuko, baina horien arteko oreka aldatu egingo da. Gainera, baliteke beste espezie batzuk ikusten hastea, hegoaldetik heltzen hasi baitira, lehenago gurean ez genituen arren".

Tokiko neurriak

"Dakigunez, itsasoaren tenperatura 0,5 eta 1 gradu bitartean igo da 80ko hamarkadatik, eta itsas maila 7 eta 8 cm artean 90eko hamarkadatik", esan digu AZTIko zuzendari zientifikoak. Datu horiek eta datu globalak alderatuta, argi dago Kantauri itsasoaren bilakaera aldaketa orokorraren parekoa dela, gutxi gorabehera. "Hala ere, leku bakoitzean egoera bat da, tokian tokiko baldintzek aldatu egiten dutelako", Irigoienen hitzetan.

Tenperatura eta itsas maila neurtzea zaila da, etengabe aldatzen direlako patroi ziklikoen arabera, eta dinamika konplexua dutelako. Irigoienen arabera, "azala beroago dago, eta hondoa hotzago; sakonera guztietan aldatu da tenperatura, eta goiko ur-geruza beroaren sakonera bera ere aldatu da, jaitsi egin baita".

Xabier Irigoien AZTIko zuzendari zientifikoa

Xabier Irigoien AZTIko zuzendari zientifikoa. Argazkia: EITB Media

Arrantza eta turismoa

Itsasoa ekosistema gisa hartuta, Kantauri itsasoan giza jarduerak duen eragin handienak arrantza eta turismoa dira, seguruenik ordena horretan. AZTIk urteak daramatza arrantza kudeatzeko lanean, eta ez AZTI bakarrik. Xabier Irigoienek oso ondo ezagutzen du horretan inplikatutako alderdi guztien lana, bere espezialitatea ozeanografia biologikoa baita. Adituak esan digunez, "arrantzaleak dira jarduera jasangarria lortzeko kudeaketa hori behar dutela dakiten lehenak, eta beraiek dira kudeaketa hori izatea eskatzen dutenak. Guk kontrolatzen ditugun stocketan, kudeaketa oso ona da, eta lankidetza oso ona dago horren inguruan".

Turismoaren eragina desberdina da oso denbora laburrean asko aldatu delako. "Lehenago ez bezala, gaur egun eragin hori asko hazten ari da. Oraindik ez dugu turismoaren eragina ebaluatu, neurtu eta kontrolatzeko azpiegitura eta kontrol sistemarik, baina turismo horren eragina oso lokalizatuta dago. Badakigu zein hondartza diren eta oso denbora laburrean izaten da, gurean eguzki denboraldiak ez duelako asko irauten. Hau ez da Benidorm".

Arrantza-ontzi bat, Hondarribian. Artxiboko argazkia: EFE

Arrantza-ontzi bat, Hondarribian. Artxiboko argazkia: EFE

Barnealdeko oihartzuna

Azkenik, badira Kantauri itsasoari eragiten dioten beste faktore batzuk, kostan sortzen ez direnak.

"Jakina, lehorrean gertatzen denak eta ibaietatik itsasora datorren guztiak eragiten dio itsasoari", Irigoienen esanetan, baina baikorra da: "Gauza batzuk orokorrean hobetu dira. Uste dut, adibidez, nekazaritzaren aldetik eta kutsaduraren aldetik hobetu direla. Geroz eta araztegi gehiago daude, nekazaritzan ongarriak kontu handiz erabiltzen dira, gure ibaiak garbiago daude, orokorrean, eta, ondorioz, inpaktua txikiagoa da".

Ondorioa baikorra da, nahiz eta errealitatea ezin den bistatik galdu. Kantauri itsasoak nabarmen sentitzen du giza jarduera, eta duela ehunka urte zuen egoera ez du inoiz berriro izango. Irigoienen arabera, bi maila daude: "Hemengo egoerari dagokionez, hobera egin dugu, eta kudeaketa hobetzen ari gara, baina mundu mailan izaten ari den aldaketak guri ere eragingo digu".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;