Gizartea -
Erasoa
Espetxera bidali dute Zornotzako jipoiagatik Burgosen atxilotutakoa
Guardia Zibilak atxilotu zuen 18 urteko gizona atzo, igandea, Medina de Pomarren, baina Ertzaintzaren esku geratu zen arratsalderako.
I. R. | EITB Media
Igande honetan, Guardia Zibilak 18 urteko gizonezko bat atxilotu du Medina de Pomarren (Burgos), uztailaren 25ean Zornotzan mutil bati egindako eraso basatian parte izana egotzita. Ertzaintzaren esku utzi zuten atzo arratsalderako, eta epailearen aurretik pasatu da gaur goizean. Epaileak Basauriko espetxera bidali du.
Azaldu dutenaren arabera, atxilotua Koala Anaiak talde oldarkorraren kideetako bat da. Talde horrek jipoitu zuen Lemoako 23 urteko mutila, eta biktima oso larri dago ordutik Gurutzetako Ospitalean.
Aurretik, Ertaintzak 9 pertsona atxilotu zituen: horietatik bost adingabeak dira, eta Fiskaltzaren esku gelditu dira; bitartean, helduetako hiru kartzelan sartu dituzte, eta laugarrena aske utzi dute, astelehenero epaitegian agertzeko betebeharrarekin.
Igandean atxilotutako gizona Guardia Zibilaren egoitzara eraman zuten, izapideak egiteko; arratsalderako, aldiz, Ertzaintzaren esku utzi zuten.