Gizartea -

Koronabirusa

Txertaketak gora egin du nerabeen artean EAEn: 12 eta 15 urte bitartekoen % 56,3k dute lehen dosia

Halaber, 16-19 urteko nerabeen % 68k dosi bat jaso dute jada, eta % 34,6k pauta osoa dute. Hain zuzen ere, gazteei txertoa jartzeko egindako deiei esker eman da gorakada.

Gazte bat, koronabirusaren aurkako txertoa jartzen. Artxiboko argazkia: EFE
Gazte bat, koronabirusaren aurkako txertoa jartzen. Artxiboko argazkia: EFE
Gazte bat, koronabirusaren aurkako txertoa jartzen. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren aurkako txertaketa-kanpainak bide onetik jarraitzen du Euskadin; izan ere, 12 eta 15 urte bitarteko nerabeei covid-19aren aurkako txertoaren lehen dosia jarri diete jada, alegia, zortzi puntu baino gehiago egin du gora bi egunetan (% 56,3), eta 16 eta 19 urte bitarteko nerabeen txertaketak hiru puntu egin du gora (% 68).

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak txertaketa-buletinaren azken datuen berri eman du ostiral honetan. Horren arabera, joan den asteazkenetik 29 urtetik beherako adin-tarteetan izan dira txertaketa berri gehienak.

Hain zuzen ere, agintariek gazteei txertoa jartzeko egindako deiei esker gertatu da inokulazio-erritmo handiago hori. Gainera, Euskadi Irratian azaldu dutenez, azken 10 egunetan 131.000 mezu bidali ostean, 50.000 gaztek baino gehiagok eskatu dute hitzordua datozen egunetan txertoa hartzeko.

Halaber, Osakidetza duela bi hilabete koronabirusa pasatu zuten pertsonekin ere harremanetan jarri da. Hala, 44.000 mezu bidali ostean, ia 13.000 lagunek hartu dute txertoa, eta beste 8.000 gaztek hitzordua eskatu dute.

Atzo bertan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ikasturte berria hasi aurretik koronabirusaen aurkako txertoa jartzeko hitzordua eskatzera animatu zituen gazteak, eta irailaren 13 ra arte oraindik 71.24 hitzordu libre daudela gogora ekarri zuen. Halaber, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak uste du 12 eta 19 urte bitarteko ikasle gehienek txertoaren dosi batekin hasiko dituztela eskolak.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, beraz, 12 eta 15 urte bitartekoen % 56,3k dosi bat dute jada, eta % 15,8k pauta osoa (asteazkenean baino 3,5 puntu gehiago).

16-19 urteko nerabeen artean, berriz, % 68k dosi bat hartu dute dagoeneko, eta % 34,6k pauta osoa dute, hau da, 5,3 puntu gehiago bi egunetan.

20 eta 29 urte bitartekoen artean, % 67,6k jaso dute koronabirusaren aurkako lehen ziztada (1,9 gehiago asteazkenetik) eta % 43,9k biak (3,6 gehiago).

Gorakada hori ez da hain nabarmena 30 eta 39 urte bitartekoen artean: % 78,6k lehen dosia hartu dute eta % 68,4k biak. 40 urtetik aurrera, % 87,5 dira pauta osoa dutenak jada, eta 50 urtetik gorakoen artean, berriz, % 90.

Euskadin 3,05 milioi dosi jarri dituzte orain arte, eta 12 urtetik gorako biztanleen % 78,3k du koronabirusaren aurkako txertoaren pauta osoa; % 85,9k, berriz, dosi bat jaso du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak