Gizartea -
Indarkeria matxista
Gijongo talde bortxaketagatik espetxeratutako bi gizonak, fidantzapean aske
Guztira, sexu-erasoagatik ikertuak lau dira. Iragan uztailean 22 eta 23 urteko bi emakume gaztek, horietako bat bergararra, salatu zuten bortxaketa.
Agentziak | EiTB Media
Gijongo talde bortxaketagatik espetxeratutako bi gizonak fidantzapean aske uztea erabaki du Lurralde Auzitegiak. Guztira, lau dira ikertuak, baina bi soilik zeuden kartzelan. Iragan uztailean 22 eta 23 urteko bi emakume gaztek, horietako bat bergararra, salatu zuten bortxaketa.
Atzo igorritako ebazpenean, Auzitegiko magistratuek bi ikertuei kautelazko neurriak ezarri dizkiete, hala nola, 5.000 euroko bermea, biktimengandik gutxienez 300 metrora urruntzeko agindua, pasaportea kendu eta Espainiatik ateratzeko debekua.
Defentsak aurkeztutako apelazio errekurtsoa partzialki onartu du auzitegiak. Gijongo Instrukzio-epaitegiak behin-behineko espetxealdia bermerik gabe ezarri zien abuztuaren 9an.
Auzitegiak argudiatu duenez, biak behin-behineko askatasunean uztea zilegi da, aurrekaririk ez dutelako, lana dutelako eta gurasoen ondoan bizi direlako.
Aretoaren hitzetan, nahiz eta atzerritarrak izan, bi ikertuek errotzea dutela ulertzeko arrazoi nahikoak dira. Gainera, "herritar komunitarioak" dira, portugaldarrak, hain zuzen ere, beraz, Europar Batasunekoak, erantsi duenez.
Ihes egiteko arriskua baztertzeko argudio nahikoak direla uste du Auzitegiak.
Lau gizonak iragan uztailean atxilotu zituzten, Gijongo eta Bergarako bi emakumek salaketa aurkeztu ondoren. Ikertuetako batekin sexu-harremanak izateko asmoz ostatu batera joan zirela azaldu zuten biktimek.
Bidean, salatu zutenez, bigarren gizon bat batu zitzaizkien, eta logelara heldu zirenean beste bi gizon zituzten zain. Sexu-harremanak izatera behartu zituzten, erantsi zutenez.