Gizartea -
KORONABIRUSA
Beste 20 pertsona hil dira EAEn covid-19ak jota azken astean
Aurreko astean ere heriotza kopuru ia bertsua (21) izan zen. Eguneko datuei dagokienez, positibo berriek eta intzidentziak behera egin dute, baina ospitaleetako presioa ez da arindu.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Izurriaren transmisio gaitasuna behera doan arren, hildakoak eragiten jarraitzen du covid-19ak. Azken astean, irailaren 20tik 26ra doan horretan, 20 pertsona zendu dira koronabirusak eragindako konplikazioak tarteko, aurreko astean baino bat gutxiago.
Hala bada, bigarren astez jarraian, bere horretan dago birusaren hilgarritasuna, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur kaleratu duen asteko buletinari erreparatuta.
Eguneko datuak samurragoak dira. Hori horrela, Bizi Berri IV Planean jasotako adierazle nagusiak berdean ageri dira astearteari dagokion buletin epidemiologikoan. Behera egin dute 14 egunetako intzidentzia metatuak (100.000 biztanleko 78 kasutan da), positibo berriak (89 kutsatze) eta R0a (0,88). Salbuespena ZIUetako gaixo kopuruan legoke, bezperan bezala, 39 baitira larri daudenak. Are, erietxeetako presioa apur bat hazi da: ospitaleratze gehiago egon dira (+7) eta gaixo gehiago dituzte gela arruntetan (+2).
Lurraldeka, Bizkaian zenbatu dituzte kutsatze gehien (43, bezperan baino 10 gutxiago); Gipuzkoan 32 izan dira (-4) eta Araban 13 (+4). Araba izan da, hain justu, astelehenean baino kutsatze gehiago hauteman dituen lurralde bakarra. Igoera horrek pilatutako intzidentzian izan du isla, eta Araba izan da jaitsiera txikiena izan duena (bi puntu egin du behera; Bizkaiak, bost, eta Arabak, zortzi). Hori gorabehera, Araba da izurriaren eragin txikiena duen probintzia (71 kasu metatu ditu azken 14 egunetan), gertu du Gipuzkoa (76 puntu). Bizkaiak du tasa handiena, 79 kasu 100.000 biztanleko.
Herrietako egoera ere hobetzen doa. Gaur gaurkoz, ez dago udalerri handirik eremurik latzenean (400 kasu pilatu baino gehiago), eta 32 herritan transmisio txikia dago (gune berdean daude, beraz). Nabarmentzekoa da hiru herritan (Markina-Xemein, Deba eta Aretxabaleta) 0 dela intzidentzia metatua, koronabirusaren semaforoaren azken eguneratzearen arabera. Alabaina, gertutik jarraitu beharko da Aguraingo eta Ondarroako egoera epidemiologikoa, 400etik gertu baitaude.
Birusak hedatzeko duen gaitasuna neurtzen duen indizea (R0a, alegia, zenbat pertsona kutsatzen dituen positibo batek) ehunen bat jaitsi da, 0,88raino, azken egunetan goraka ibili ostean. 1etik behera egoten jarraitzen du, dena dela (birusa kontrolpean edukitzeko langatzat dute epidemiologoek). Araban jaitsi da gehien indizea, 0,95etik 0,87ra. Bizkaian ez da aldatu (0,86) eta Gipuzkoan ehunen bat egin du atzera, 0,91ra.
Adin tarteei erreparatuta, 90 urtetik gorakoak kolpatu ditu gogorren birusak. Adin tarte horrek 123 kasu pilatu ditu 100.000 biztanleko. 0-9 urteko adingabeen artean ere zabalago dabil koronabirusa (pilatutako tasa 113 kasukoa da), akaso txertorako aukerarik ez dutelako. Azkenik, 60-69 eta 70-79 urteko pertsonengan atzeman dira kutsatze gutxien, eta bi taldeetan birusaren intzidentzia 60 kasuen azpitik dago.