Gizartea -
Hezkuntza
Steilasek ez du ikusten Jaurlaritzaren partetik irakasleen lan baldintzak hobetzeko "inongo asmorik"
Esker oneko hitzez haratago, "langileen lan eta bizi kalitatean eta hezkuntza publikoa indartzeko aurrerapausoak ematea" beharrezko jotzen dute, eskutik doazen ikasleen ongizatea eta irakasleen lan baldintzak hobetuz.
O. P. | Eitb Media
Eusko Legebiltzarren hezkuntza sistemaren lege berria adosteko lantaldea Legebiltzarrean bilduta dagoen egunean, Steilas sindikatuak ohar batean adierazi duenez, Hezkuntza Saila errealitatea "makillatzen" ari da, eta ustezko negoziazioen atzean "akordio batera iristeko edukirik ez dugu ikusten" mahai gainean.
Sindikatuak adierazi duenez, "Steilasen argi dugu Sailak hezkuntza publikoko irakasleekiko esker oneko hitzak izatea ez dela nahikoa, benetako esker-ematea, langileen lan eta bizi kalitatean eta hezkuntza publikoa indartzeko aurrerapausoak ematea dela".
Hezkuntza arloko langileen sindikatuaren esanetan, "premiazkoa deritzogu pandemia garaian jaitsi ere egin ez diren ratioak jaistea", eta hala jakinarazi dio Hezkuntza Sailari; Steilasen ustez, "jaitsiera honek eragina izango luke zalantzarik gabe hezkuntza kalitatean".
Era berean, hezkuntza kalitate hori eta baldintzak hobetzeko plantillak gazteberritzea proposatzen dute, "erretiro adina jaitsita", eta bitartean "adinagatiko ordu lektiboen murrizketa erreal bat bideratuz".
Salatu dutenez, 2010ean urteko soldatan % 5eko murrizketa izan zutenetik, irakasleen eros ahalmena % 17 inguru jaitsi da.
Horren haritik, nabarmendu dute EAEko Hezkuntza sistema baldintzatuko duen adostasunik egongo bada, "hau ikasleen ongizate eta irakasleen baldintzen hobekuntzari lotuta" egon beharko dela, "batak bestea gabe ez baitu etorkizunik". Gaineratu dutenez, "esan dezakegu gobernuak ez duela zintzotasunez jokatu eta ez duela lan baldintzak hobetzeko asmo irmorik adierazi".
Steilasen arabera, "negoziazioari ekiteko gogotsu gaude", "baina ez gaitzatela nahastu denbora galtzeko edukirik gabeko bileretan", eta "ikastetxeentzat erabakiak hartzea premiazkoa da", azpimarratu dute.