Gizartea -
Indarkeria matxista
Sara Pina hil zuela aitortu du bere senarrak
Epaileak baldintzarik gabeko behin-behineko espetxealdia ezarri dio. Hilketa delitua egotzi dio, eta, beraz, 15 eta 25 urte bitarteko zigorra bete beharko du kartzelan.
Agentziak | EITB Media
Tuteran Sara Pina hiltzegatik Frantzian atxilotutako J. M. U. A-ren aurkako epaiketa hasi dute gaur Nafarroako aipatu udalerriko epaitegietan, eta auzipetuak aitortu egin du emaztea hil izana.
Horregatik, Tuterako 2. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko buruak baldintzarik gabeko behin-behineko espetxealdia ezarri dio.
Auzipetuak bi gutun eraman ditu epaiketara. Horien bidez barkamena eskatu die biktimaren senitartekoei, bere familiari eta epaileari.
Gaurko saioan, bestalde, Ministerio Fiskalak hiltzailearen behin-behineko espetxealdia eskatu du, baita akusazio partikularrak ere. Haren abokatuak, aldiz, aske uzteko edo "neurri hain zorrotza" ez hartzeko galdegin dio epaileari.
Azken honek, baina, kartzelaratzea erabaki du "ihes egiteko arriskua" dagoela iritzita.
"Orain arte eman dituen urratsak ikusita --Frantziara alde egin zuen--, ondorioztatu daiteke egon badagoela berriro ihes egiteko aukera", arrazoitu du.
Gauzak horrela, dio epaileak, hilketa delitua leporatu diot. Hortaz, 15 eta 25 urte bitarteko kartzela zigorra bete beharko du.
Atxiloketa
Esan bezala, urtarrilaren 11n atxilotu zuten, hilketa matxista egotzita, eta Frantzian espetxeratu zuten. Bart Madrilera bidali dute, hegazkinez, eta gaur bertan Tuterara eraman dute epailearen aurrean deklaratzeko. 10:00etan zeukan hitzordua, baina 45 minutu berandu iritsi da.
Tuterako epaileak eman zuen atxilotzeko agindua, urtarrilaren 8a eta 9a bitartean emaztea hil izana egotzita. Ustezko erasotzaileak Frantziara egin zuen alde, eta han hartu zuten atxilo egun bat geroago.
38 urteko irakaslearen gorpua urtarrilaren 10ean aurkitu zuten Tuteran. 2022an Espainiako Estatuan egon den lehen hilketa matxista da.
Protestak
Epaitegien atarian, protesta egin du herritar talde handi batek, eta kazetari andana, foruzainak eta polizia nazionalak ere izan dira bertan. Esan bezala, Cortesko bizilagunek, "Justizia Sararentzat" plataformak deituta, justizia eskatu dute, eta, besteak beste, bi aldarri oihukatu dituzte: "Ezta bat gehiago ere" eta "Ez dira gaixoak, patriarkatuaren semeak baizik".
Era berean, besteak beste, "Feminizidioekin nazkatuta", "Genero indarkeria gehiagorik ez" eta "Justizia Sararentzat" leloak zituzten pankartak ere erakutsi dituzte.