Gizartea -
MUNILLAREN AGURRA
Polemikak izan dira nagusi Munilla Donostiako gotzain izan den 12 urteetan
2010ean Donostiako elizbarrutiko arduradun izendatu zutenetik polemikaren erdigunean egon da, eta, besteak beste, feminismoaren, homosexualitatearen eta masturbazioaren inguruan esandakoek zeresana eman dute. Elizaren barruan ere apaiz eta kristau askok bere egokitasuna ezbaian jarri izan dute.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Benedicto XVI.a aita santuak izendatu zuen Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzain 2009ko azaroaren 21an, baina 2010eko urtarrilaren 9ra arte ez zuen hartu Donostiako elizbarrutiaren ardura. 12 urteko ibilbidearen ostean, Orihuelako (Alacant) gotzain izango da aurrerantzean eta kargu hartzeko ekitaldia otsailaren 12an egingo da.
Dena dela, Donostia utzi aurretik otsailaren 6an eskaini du azken meza Artzain Onaren katedralean.
Donostiako gotzain gisa egin duen ibilbidean aldekoak eta kontrakoak izan ditu, baina ez du inor epel utzi. Are gehiago, elizaren barruan eta kanpoan ere zatiketa eragin du. Segidan, bere polemika esanguratsuenen errepasoa egingo dugu.
Izendatu zuten unetik bertatik Elizaren barruan bere kontrako ahotsak izan dira. Albistea publiko egin zenean, Gipuzkoako parrokoen % 77 Munillaren izendapenaren aurka agertu ziren. Une hartan Gipuzkoan zeuden 110 erretoreetatik 85ek testu bat sinatu zuten kargurako "pertsona egokia" ez zela esanez.
Era berean, "Kristau Taldea"ren baitan bildutako 178 fededunek aukeraketa gaitzetsi zuten kristau elkartea kontuan hartu gabe egin zela iritzita. Engainatuak sentitu zirela ere salatu zuten. "
Ez da apaizek eta eliztarrek gotzainaren jarduna zalantzan jarri duten aldi bakarra izan. 2014an Gipuzkoako 96 apaizak gutun bat bidali zioten Jose Ignacio Munillari "elizbarrutia zatitzea" eta kaltetzea egotzi zioten. Donostian bost urte bete berritan, EUTSI BERRITUZ Gipuzkoako kristau taldeak oharra kaleratu zuen eta Gipuzkoako Elizan "banaketa" eragin aurpegiratu zion.
Zalantzarik gabe, apezpiku polemikoa izan da elizatik harago ere. 2015ean, Munillak argitaratu zuen Sexo con alma y cuerpo liburuak zeresan handia eman zuen, batez ere, emakumeei, masturbazioari eta homosexualei buruz egin zituen adierazpenengatik. Haren esanetan, emakumeen umoreak izaera "ziklikoa" du eta horri egozten dio "batzuk bat-batean jo eta su garbiketan hastea". Gerora esan zuen hori ez zuela berak idatzi, berarekin batera liburua idatzi zuen Begoña Ruiz Peredak baizik.
Liburu horretan bertan zioen masturbatzea norbere gorputzari egindako erasoa dela: "Gorputzaren gaineko indarkeria moduko bat, plazera erauzi nahi diolako, trukean zentzua ematen dion maitasunaren egia bizi gabe". Halaber, sexu homosexualak ezin duela "inolaz ere onespenik jaso" adierazi zuen.
Bestalde, sona handia izan zuten feminismoaren inguruan esandakoek ere. Martxoaren 8ko greba feministaren harira, Munillak "feminismo erradikala" deitu zuenaren aurka egin zuen. "Bitxia da deabruak bere aldetik gola nola sartu duen ikustea. Feminismoak genero ideologia onartuta hara kiria egin dio bere buruari", erantsi zuen. Radio Maria irrati katean egindako hausnarketa batean, bi feminismo mota bereizi zituen: batetik, "femeninoa", gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasun legala eta juridikoa bilatzen duena; eta bestetik, "feminismo erradikala", gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna erabatekoa izatea helburu duena.
Azkenik, aipatzekoa da apaiz eta laiko talde batek Gipuzkoako Elizaren kontuetan milioi bat eurotik gorako zulo ekonomikoa sortu izana leporatu ziotela.