Gizartea -
Ostalaritza
Bueltan da 'txotx'a sagardotegietan
Neurri murriztaileak bertan behera geratu ostean, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak jakinarazi du upeletik sagardo berria dastatzeko aukera egongo dela. Hala ere, musukoa derrigor erabili beharko da, jan-edanean izan ezik.
Manu Gimenez | eitb media
Koronabirusaren eraginez hartutako neurri murriztaileen ondorioz debekatuta egon ostean, bueltan da 'txotx'a sagardotegietan.
Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren aurkako neurri ia guztiak bertan behera utzi dituenez, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak jakinarazi du upeletik sagardo berria edateko aukera itzuliko dela sagardotegietara.
Olatz Mitxelena elkartearen koordinatzaileak Euskadi Irratian aitortu du "pozik" hartu dutela erabakia, aurrerantzean jendeak zutik eta upeletik dastatu ahal izango duelako sagardoa.
Hala ere, azpimarratu du sagardotegiak leku itxiak izan ohi direla, eta, ondorioz, musukoa derrigor erabili beharko dela jan-edateko unean izan ezik.
Hori horrela, bertan behera geratu da denboraldi hasieran martxan jarritako sagardotegietako protokoloa.