Gizartea -

Sanferminak 2012

Arriskutsua eta azkarra sanferminetako zazpigarren entzierroa

Sevillako Juan Pedro Domecq ganadutegiko zezenek bi minutu eta 23 segundo behar izan dituzte ibilbidea egiteko. Adarkadarik ez da izan eta ospitalera eraman dituztenek kolpeak dituzte bakarrik.

2012ko sanferminetako zazpigarren entzierroa. Argazkia: EITB
2012ko sanferminetako zazpigarren entzierroa. Argazkia: EITB
Sanferminetako zazpigarren entzierroa

02:38

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sevillako Juan Pedro Domecq ganadutegiko zezenak 2012ko sanferminetako zazpigarren entzierroko protagonistak. Aurtengo azkarrenetako bat izan da gaurko entzierroa; izan ere, bi minutu eta 23 segundo behar izan dituzte ibilbidea egiteko. Zezenek ez dute adarkadaz inor zauritu eta ospitalera eraman dituzten bost korrikalariek kolpeak soilik dituzte.

Ukuiluko ateak ireki eta berehala bi animali aurreratu egin dira eta ibilaldiaren amaierara arte taldea banandu egin dute.

Aurreratu diren bi zezenek erritmo azkarra eman diote entzierroari, animalien artean tarteak sortu dira eta korrikalarientzako tartea egon da.

Buruan jarri den zezenetako bat irrist egin du Mercadereseko bihurgunean eta hesiaren kontra jo du, baina ez du entzierroaren erritmoa moteldu.

Bitartean, Juan Pedro Domecq ganadutegiko gainontzeko zezenek elkarrekin jarraitu dute. Hala ere, Melocoton izeneko zezen bat metro batzuk aurreratu da eta taldea hiru zatitan banandu du.

Zezen hori Estafeta kalean erori da, baina berehala altxa da eta Telefonicarantz habiatu da. Bertan, zezen beltzetako batek arriskua sortu du, hesian zegoen korrikalari talde baten aurka joan delako.

Zezen plazara iritsi baino pixka bat lehenago, zezenetako batek irrist egin du, baina berehala altxa da eta aurrera jarraitu du. Hala ere, arriskua eragin du.

Zezen plazara iritsi eta inongo arazorik gabe sartu dituzte animaliak ukuiluan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea