Gizartea -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Athletic Kopako finalera, Gipuzkoako nekazarien protestak eta Navalniren hileta
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko martxoaren 1ean, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Athletic, Kopako finalera: Athletic 2023-24 denboraldiko Errege Kopako finalerako sailkatu da, ostegunean, finalerdietan Atletico Madril kanporatuta, jokatutako bi partidak 4-0eko emaitza izan dela. Ernesto Valverderen taldeak, gau gogoangarri batean, biribildu egin du San Mamesen Madrilen joaneko partidan lortutako garaipena; Civitas Metropolitanon 0-1 nagusitu zen Athletic, eta orain, Bilbon, 3-0 irabazi du, Iñaki eta Nico Williamsen eta Gorka Guruzetaren golei esker. Finala apirilaren 6an jokatuko dute, Cartujan, eta Mallorca izango da Athleticen aurkaria.
- Gipuzkoako nekazarien protestak: Gipuzkoako nekazariek Batzar Nagusietaraino eramango dituzte gaur euren traktoreak. Goizean goizetik hiru zutabetan abiatuko dira hiribururantz: Bidasoatik, Urolatik eta Goierritik. Donostiako erdigunea zeharkatuta, Miramonera igoko dira, Batzar Nagusien egoitzaraino eta han, ordezkari politikoei euren aldarrikapenak jasotzen dituen dokumentua emango diete. Mobilizazioa deitu duten sindikatuek ohar baten bidez azaldu dute 38 erakunde, eragile eta enpresa batu zaizkiela protestara, lehen sektoreak bizi duen egoera larria salatzeko eta laborarien ustiapenen bideragarritasuna defendatzeko asmoarekin.
- Navalniren hileta: Gaur egingo diote azken agurra Moskun Aleksei Navalni errusiako oposizioko kideari. Hileta Errusian 14:00ak direnean (12:00etan, Euskal Herrian) egingo dute, Kremlinaren begiradapean. Atzotik, segurtasun neurri handiak ezarri dituzte inguruan, eta gunea hesituta dago.