Mundua -

Operazio militarra Libian

Espainiako bi ehiza-hegazkinek aurreneko misioa egin dute Libian

- Cameron: "Libiako defentsa sistemak deuseztatu ditugu".

- Aliatuek Gadafiren jauregi bateko eraikin bat suntsitu dute.

- Gadafirekin negoziatuko ez dutela ziurtatu dute Libiako matxinoek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako F-18 bi ehiza-hegazkin Decimomannuko (Italia) basetik aireratu dira Libian aurreneko misioa egiteko, airean erregaia hornitzeko beste hegazkin batek lagunduta, Defentsa Ministerioak jakitera eman duenez.

Cagliaritik 25 kilometrora dagoen Italiako basetik eguerdian atera dira hegazkinak. Guztira zazpi base jarri ditu Italiak, Libian nazioarteko misioa egiteko.

Hiru hegazkinak, Aireko Armadaren bi F-18 eta Boeing 707 bat, aire-patrullako aurreneko misioa egiteko aireratu dira, Defentsa Ministerioak komunikatu baten bidez jakitera eman duenez.

Debekupeko aire-eremua zaintzea

Zentzu horretan, nazioarteko koalizioren agintariek ezarritako planaren arabera, NBEk adostutako debekupeko aire-eremua mantentzeko laguntzen ari dira bi hegazkinak, Carme Chaconek zuzentzen duen Ministerioak azaldu duenez.

F-18 lau hegazkin jarri ditu Espainiak nazioarteko misioan, eta baita Boeing 707 hegazkin bat ere.

Espainiako bi F-18 hegazkinak Decimomannuko (Sardinia) basera itzuli direla jakinarazi du Carme Chacon Defentsa ministroak. Aurreneko aire-patrulla "nobedaderik gabe egin" dutela azaldu du Chaconek.

Bestalde, F-104 Mendez Nuñez fragatak, S-74 Tramontana urpekuntziak eta C-235 itsas zaintzarako hegazkin batek NATOko operazioareekin bat egitea espero da, Libiari blokeoa ezartzeko.

Gadafiren jauregiaren aurkako erasoa

Indar aliatuek Muamar Gadafi Libiako diktadorearen jauregi bateko eraikin bat suntsitu dute Tripolin, aliantzaren ofizial batek CNN telebista-kate estatubatuarrari baieztatu dionez. Nolanahi ere, iturri horrek ukatu egin du erasoaren helburua Gadafi zela.

Nick Ronbertson CNNko berriemaile berezia jauregian izan da, Erregimenaren funtzionarioek gonbidatuta, kalteak gertutik ikusteko. Kazetariak esan duenez, eraikinean bi krater daude, misilez egindakoak, antza.

Libiako Kontseilu Nazionalak

"Diktadoreak desgaste guda batetara eraman gaitu", adierazi du Abed al Hafeez Ghoga matxionoen bozeramaileak Bengasin emandako prentsaurrekoan.

"Horregatik, berarekin negoziatzeari uko egiten diogu. Negoziatu baino lehen bere bukaera ikusiko dugu", esan du bozeramaileak. "Gadafi gerrako kriminala nazioarteak bilatzen du", azpimarratu du bozeramaileak. "Bere herriaren kontra egindako ekintza genozidengatik epaituko dute", erantsi du.

Cameron

Nazioarteko koalizioak Libiako defentsa sistemak "deuseztatu" dituela esan du David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak. Era berean, debekupeko aire-eremua dagoeneko errealitate bat dela adierazi du.

Misioaren helburuak lortzeko aurrerapausoak eman dituztela azaldu du Cameronek: Libiako defentsa sistemak deuseztatzea eta Gadafiren tropek egindako erasoengatik zibilak babestea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea