Mundua -
MARTXA BERDEAK 46 URTE
Mohamed VI.ak ohartarazi du Sahara "negoziaezina" dela
Marokoko erregeak ohartarazi du ez dutela Mendebaldeko Sahara barne hartzen ez duen akordiorik sinatuko inolako herrialde edo blokerekin. Fronte Polisarioak "errealitatea ukatzea" leporatu dio Mohamed VI.ari, eta borroka armatuarekin jarraitzeko asmoa berretsi du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
1975eko azaroaren 6an, Marokok Mendebaldeko Sahara inbaditzeko egin zuen Martxa Berdearen 46. urteurrenaren harira, herritarrei zuzendu zitzaien atzo Mohamed VI erregea, Sahararen gaineko subiranotasuna Marokorena dela aldarrikatuz eta horren inguruko negoziaketarik ez duela onartuko berretsiz.
"Marokorentzat Sahara negoziaezina da. Sahararen marokotasuna ez da inoiz negoziaketa mahaiaren gainean egon ezta egongo ere" esan zuen erregeak.
1976ko abenduaren 10ean, Nazio Batuen Batzorde Orokorrak 3458B Erresoluzioa onartu zuen "Saharako jatorrizko herriei determinazio librerako eskubidea" aitortuz eta "Nazio Batuek izendatutako ordezkari batek gainbegiratuta, kontsulta egitea" eskatu zien aldeei, baina ez da inoiz horrelakorik egin.
Atzo, Mohamed VI.ak Maroko "gatazka artifizial" honi irtenbide baketsua aurkitzeko negoziaketetan ari dela esan zuen eta ez duela Mendebaldeko Sahararentzat Marokoren subiranotasunaren pean, autonomia izatetik haratagoko ezer aurreikusten. Fronte Polisarioak, berriz, autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen du.
Bere hitzaldian, Marokoko erregeak ohartarazi zuen ez dutela Mendebaldeko Sahara barne hartzen ez duen akordiorik sinatuko herrialde edo bloke erregionalekin, Europari erreferentzia eginez.
Gogoan izan behar da irailaren 29an Europako Batasuneko Auzitegi Nagusiak (TGUE) bertan behera utzi zituela Europar Batasunaren eta Marokoren arteko arrantza akordioak Polisarioari arrazoia emanez. Fronte Polisarioak Saharako baliabideak esplotatzeagatik inpugnatuta zuen akordioa.
Aitzitik, "harro" agertu zen iazko abenduan AEBk euren subiranotasuna aitortu izanaz. Izan ere, Trumpek Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna onartu zion Marokori eta Joe Bidenek ez du oraindik ezer esan gai honi buruz.
Aljeriarekin harremanik ez
Iazko azaroan Guergerateko igarobidean izandako gertaeren ondotik asko okertu dira Aljeria eta Marokoren arteko harremanak eta duela bi hilabete Marokorekiko harreman diplomatikoak eten eta bere aire espazioa erabiltzea debekatu zion Aljeriak.
Gainera, urriaren 31n Magreb-Europa gasbidea itxi zuen Aljeriak. Duela 25 urtetik bertatik joaten da gasa Espainia eta Portugalera, Marokotik igarota.
Eta asteazken honetan bertan, gora egin du berriz ere tentsioak Marokok hiru aljeriar hil ondoren bonbardaketa batean.
GATAZKAREN JATORRIA: ETB2ko En Jake saioak honela azaldu zuen ekainean, Sahara Mendebaldeko gatazka (edukia gaztelaniaz).
Polisarioak "errealitatea ukatzea" leporatu dio Mohamed VI.ari, eta borroka armatuarekin jarraitzeko asmoa berretsi du
Fronte Polisarioak "errealitatea ukatzea" leporatu dio Marokoko erregeari. "Herrialde okupatzaileko erregeak, saharar herriaren aurkako inbasio militarraren urteurrenaren harira, gezurrak, okerrak eta fantasiak errepikatu ditu bart egindako hitzaldian, bere intransigentzia eta zentzugabekeria justifikatzeko", adierazi du Fronte Polisarioa nagusi den Saharako Errepublika Arabiar Demokratiko (RASD) Gobernuak, igande honetan argitaratutako eta Saharako albiste-agentziak jasotako ohar batean.
Nazioarteak ez duela aitortzen Marokoren Mendebaldeko Sahararekiko subiranotasuna gogorarazi dio Fronte Polisarioak eta "erasoarekin jarraitzeak Marokoko herriari pobrezia, gabezia, mendekotasuna eta duintasun eta subiranotasun galera" besterik ez diola ekarriko gaineratu du .
Polisarioaren ustez, "errealitatea ukatzea da gerrara itzuli izanaren arrazoia, eta Maroko da, beraz, gerraren ondorioen arduraduna".
Mendebaldeko Saharan independentzia erreferenduma egitea errazteko 1991n bi aldeek sinatutako su-etena 2020ko azaroan hautsi zuen Polisarioak. "Saharar herriak (...) ez du bere borroka etengo Marokok bere erasoa eta okupazioa amaitu arte" berretsi du.