Mundua -

COP26

COP26ko akordiorako azken zirriborroak leundu egin ditu aurrekoak jasotzen zituen konpromiso batzuk

Azken zirriborro honen arabera ez dago, idatziz behintzat, erregai fosilak diru publikoz finantzatzeari uzteko inolako konpromisorik. 8 orrialde eta 94 artikulu ditu zirriborroak, eta lurra gehienez ere 1,5 ºC berotu dadin lortzeko neurri eta konpromisoak biltzen ditu.

Gizon bat, COP26 biltzarraren egoitzako atarian jendeak utzitako mezuei argazkia ateratzen. EFE
Gizon bat, COP26 biltzarraren egoitzako atarian jendeak utzitako mezuei argazkia ateratzen. EFE
Negoziazio gogorrak izaten ari dira COP26an akordioa lortzeko

2:34

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Goizean argitara atera dute Glasgown bilduta dauden 200 herrialdeen arteko akordiora iristen saiatzeko dokumentuaren azken zirriborroa. Dokumentu honek urardotu egiten ditu aurreko zirriborroak jasotzen zituen hainbat konpromiso, besteak beste, erregai fosilak pixkanaka ezabatzen joatearena.

COP26 goi-bilera ostiral honetan amaitzekoa zen, baina akordio bat lortzeko negoziazioak gehiago luzatuko dira, Alok Sharma NBEko klima goi-bileraren presidenteak baieztatu duenez.

Azken agiria adosteko "gaiak ixteko" daudenez, bilera berri bat deitzea erabaki du Sharmak, baina oraindik ez du ordurik zehaztu.

 Aurreko zirriborroak ezbairik gabe azpimarratzen zuen munduak konpromisoa hartu beharko lukela erregai fosilak diru publikoaren finantzatzeari uzteko eta haiek pixkanaka ezabatzen joateko. 

Herrialde arabiarrek, petrolio eta gas ekoizle handiak direnak asko, ez zuten zirriborro hori babestu. 

Erregai fosilen inguruko paragrafoak orain zera dio: "COP26k alde guztiei aholkatzen die emisio baxuko energia-sistemetaranzko trantsizioa bizkortzeko teknologien garapena eta hedapena bizkortzeko, bai eta horretarako politikak bultzatzeko ere; horretarako, energia garbiaren ekoizpena ahal bezain bizkorren handituz, ikatzaren energia pixkanaka murriztuz eta erregai fosilei zuzendutako diru-laguntza ez-eraginkorrak ezabatuz".

Beraz, zirriborro honen arabera, ez dago, idatziz jasota behintzat, erregai fosilak diruz laguntzeari uzteko konpromiso garbirik, laguntza ez-eraginkorrak baino ez baitira aipatzen, hau da, laguntza neurrigabeak edo justifikatu gabeak. 

Ekintzaile taldeek gogoratu dute COP26ko testuak marra gorri guztiak gainditzen dituela
Ekintzaile taldeek gogoratu dute COP26ko testuak marra gorri guztiak gainditzen dituela
Ekintzaile taldeek gogoratu dute COP26ko testuak marra gorri guztiak gainditzen dituela

2:32

Akordioaren korapilorik eta lodiena da ikatzarena, izan ere, herrialde gehienek haren erabilera ezabatzearen aldeko apustua egingo balute ere, Txina edo Australia bezalako ekoizle handiak meatzeak ustiatzen eta ikatza saltzen jarraitzeko borondate eta interesa agertu dute. 

Nolanahi ere, badirudi azken zirriborroak indartu egin duela hizkuntza beste alderdi batean, zehazki berotze globalaren helburuei dagokionean. 2030erako ekintza nazionaleko planetan beren helburuak berrikusi, areagotu eta 2022aren amaieran aurkez ditzaten eskatzen zaie herrialdeei, neurriak tenperatura globalaren igoera 2 ºC tik behera mantentzeko helburu globalarekin bat etor daitezen, eta igoera hori, gehienez ere 1,5 ºCkoa izateko ahalegina areagotu dezaten. 

Aurreko zirriborroak "gomendioa" egiten zuen tokian, "eskaera" egiten du oraingoak, eta beraz, hizkuntza irmoagoa erabiltzen da azken zirriborro honetan. 

Gainera, herrialde garatuek garapen bidean dauden herrialdeei klima-aldaketara egokitzen laguntzeko beren finantzaketa-hornidura bikoizteko data ezartzen du dokumentuak, 2025a. 

Kanpoan gero eta ozenagoak dira akordio sendo baterako aldarriak. Aktibistek akordioa eskatzeko eta agintarien ardura azpimarratzeko mezuz bete dute, esaterako, goi-bilera egiten ari diren gunearen kanpoaldeko horma bat. Gauez, protesta gisa, kanpoaldean aparkatutako luxuzko autoen gurpilak ere zulatu dituzte. Denbora agortzen doan heinean gora doa presioa ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Nazioartea Eskozia Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Larrialdi klimatikoa NBEren klimari buruzko goi-bilera Kutsadura