Mundua -
Goi-bilera Glasgown
COP26 luzapenean sartu da, eta akordiorako zirriborro berri bat aurkeztuko dute larunbat honetan
Goi-bilera klimatikoak aurreikusitako hamabostaldia baino gehiago luzatzea ez da albiste. Negoziazioan oztopo nagusiak garapen bidean dauden estatuen finantziazioa, ikatza baztertzeko bide-orria eta erregai fosilen diru-laguntzak dira.
Agentziak | EiTB Media
Lurraren berotzea gelditzeko NBEko klima goi-bileraren negoziazioak ostiral honetan amaitu behar zuen, baina larunbatean jarraituko du, eta COP26ko presidenteak zirriborro berri bat aurkeztuko du, negoziazioko iturriek jakitera eman dutenez.
Negoziazioko oztopo nagusia, klima aldaketaren aurkako borrokari heltzeko, kutsatzaile nagusiek eta herrialde aberatsek garapen bidean dauden estatuei finantziazioan egin beharreko ekarpena da.
Era berean, ikatza energia iturri bezala pixkanaka erabiltzeari uzteko bide-orriak eta erregai fosilen diru-laguntzek arazoak sortzen dituzte.
Goi-bilera klimatikoak aurreikusitako hamabostaldia baino gehiago luzatzea ez da albiste. Aurreko hitzordua, 2016ko abenduan Madrilen, historiako luzeena izan zen, igande goizean bukatu baitzen. Ordura arte errekorra Durbaneko goi-bilerak zuen.
Garapen bidean dauden herrialdeek finantziazio gehiago eskatu diete estatu aberatsei, deskarbonizazio prozesua aurrera eramateko eta klima aldaketari egokitzeko. Era berean, itsas mailaren eta muturreko tenperaturen igoeraren aurrean galerak eta kalteak arintzeko babes ekonomiko handiagoa eskatu dute.
Ostiral arratsaldeko bileran, dozenaka herrialdek eta eskualdetako ordezkarik zirriborroak kritikatu dituzte. Horrela, Kenyako ordezkariak ziurtatu duenez, 1,5 graduko helburua "hil ala bizikoa da".
John Kerry Ameriketako Estatu Batuetako klima aldaketarako ordezkari bereziaren ahotan, Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzeko "xedea ezin da abandonatu". Erregai fosilen laguntzetan dirua xahutzea "kaltegarria" da, erantsi duenez.
Ildo beretik, Frans Timmermans EBko presidenteorde exekutiboak esan du 1,5 gradu behar dira, seme-alabek eta bilobek etorkizuna izateko.
Bestalde, COP26ko akordioa babesteko borondate ona azaldu du Txinak, baina nazio txiroenak finantzatzeko urtean 100.000 milioi dolar nola lortu zehaztea falta dela kritikatu du.
370 ikatz zentral itxi eta 130 proiektu berri bertan behera utzi
Ikatzaren inguruan goi-bileran egindako iragarpenek eta promesek gutxienez 370 ikatz zentralen itxiera eta 130 lantegi berriren proiektuak bertan behera geratzea ekarri beharko lukete, Energia eta Aire Garbi Ikerketa Zentroak (CREA) egindako ikerketaren arabera.