Mundua -
Ukrainako Gerra
Johnsonek 120 ibilgailu blindatu eta misilak emango dizkio Ukrainari
Era berean, Londresek iragarri duenez, beste 500 milioi dolar (460 milioi euro) emango dizkiote Zelenskiri Munduko bankuaren bitartez.
agentziak | eitb media
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak iragarri du 120 ibilgailu blindatu eta itsasontzien aurkako misil sistemak emango dizkiola Ukrainako Armadari. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin Kieven bildu ostean egin du iragarpena Johnsonek.
Izan ere, iragarri gabeko batzarra egin dute gaur bi agintariek hiriburuan, eta ondoren jakinarazi dutenez, "elkarrizketa sakona" izan dute "laguntza ekonomiko eta militarrari buruz".
Era berean, Londresek iragarri duenez, beste 500 milioi dolar (460 milioi euro) emango dizkiote Zelenskiri Munduko bankuaren bitartez. Beraz, guztira 1.000 milioi dolar (920 milioi euro) izango dira bide horretatik helaraziko dizkiotenak.
Laguntza ekonomiko horretarako oraindik Parlamentu britainiarraren oniritzia behar da, eta "hil ala biziko giza zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko" izango omen da.
"Borroka honetan Erresuma Batua baldintzarik gabe aldamenean izango duela adierazi diot argi, eta epe luzerako gaudela hemen", azpimarratu du Johnsonek.