Mundua -

Israel-Hamas gerra

Israelek erasoak areagotu ditu Gazan, lurrez eta airez, eta bertako komunikazio guztiak eten

NBEk eta gobernuz kanpoko erakunde batzuek salatu dutenez, laguntza humanitarioa egiten ari diren agentziekin kontaktua galdu dute, Tel Avivek Internet zerbitzua eten duela eta.

Gaza Israelek egindako bonbardaketen ostean. Argazkia: EITB Media
Gaza Israelek egindako bonbardaketen ostean.
Israelgo Armadak erasoak areagotu ditu Gazako iparraldean

0:32

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Airez, lurrez eta itsasoz erasotzen ari da Israel Gazako Zerrenda, aurreko egunetan baino bortitzago, Armadak berak nabarmendu duenez. Gainera, Palestinako eremua "itzalaldian" dago atzotik, komunikazio guztiak eten baititu Tel Avivek. Eten horrek are gehiago zaildu ditu lan humanitarioak. 

Hala, NBEk eta gobernuz kanpoko erakunde batzuek salatu dutenez, Gazako Zerrendan lanean dauden agentziekin harremana galdu dute. 

Paltel telekomunikazio enpresa palestinarrak bart jakinarazi du Gazako komunikazio zerbitzuak "erabat" etenda daudela, eta Zerrendaren gaineko bonbardaketa gogorrei egotzi die galera hori. "Gaza lotzen duten nazioarteko lineei kalte egin dieten azken orduetako bonbardaketa gogorren ondorioz eten da komunikazioa", esan du konpainiak ohar batean.

Sareetan erabiltzaile asko Zerrendaren barruan komunikazioa ezinezkoa zela ohartarazten hasi eta gutxira iritsi da Paltelen jakinarazpena.

Bestalde, Daniel Hagari Israelgo Armadako bozeramaileak atzo adierazi zuenez, Israelgo indarrek Zerrendako operazioak areagotuko dituzte ostiraletik aurrera. Adierazpen horiek egin eta gutxira, Hamasek salatu du Israelgo tropak Gazako iparraldean sartu direla Beit Hanoun eta Bureij inguruetan.

Israelek bi egun daramatza jarraian lurreko behin-behineko erasoaldiak egiten, Gazako Zerrendako eremu txikietan, eskala handiko lurreko erasoaldi militarra prestatzeko.

Israelek aireko bonbardaketak areagotu ditu Gazan
Israelek aireko bonbardaketak areagotu ditu Gazan
Israelek aireko bonbardaketak areagotu ditu Gazan

0:44

Israelgo indarrek Zerrendaren erdialdean eskala txikiko lurreko eraso bati ekin diote goizaldean, eta Hamasen "dozenaka" helbururi eraso diete, hala nola tankeen aurkako jaurtigailuei eta operazio zentro bati, hegazkinek eta droneek lagunduta, Hagariren arabera.

Bezperan, Israelgo Armadak beste eraso bat egin zuen lurrez iparraldean, eta "Hamasen azpiegitura militarra eta taldearen tunelak" suntsitu zituen.

Armadak adierazi duenez, operazio horiek eskala handiko lurreko erasoaldiaren aurrekariak dira, eta unea iristen denean egingo dutela gaineratu dute.

Lurreko erasoaldia Zerrendaren iparraldetik egitea espero da; izan ere, Israelek behin eta berriz eskatu die enklabearen iparraldeko biztanleria zibilari, milioi bat pertsona baino gehiagori, hegoaldera joateko segurtasunagatik, nahiz eta Israel lurralde osoan egiten ari den bonbardaketak, baita hegoaldean ere.

"Israelgo Defentsa Indarrek lan handia egiten dute dimentsio guztietan gerraren helburuak lortzeko", gaineratu du Gazako Zerrenda suntsitzeko bonbardaketen hogeigarren egunean; Israelen bonbardaketa gogor eta bereizi gabe horietan, 7.326 palestinar hil eta 18.967 lagun zauritu dituzte, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez.

Komunikazioak, etenda

Palestinako Ilargi Gorriak ere ohartarazi du kontaktua "erabat" galdu duela Gazako Zerrendako operazio-gelarekin eta bertako ekipo guztiekin, komunikazio finkoak, mugikorrak eta Internet eten direlako. Honek ere Israelgo agintariei egotzi die komunikazioen etena.

Halaber, Ilargi Gorriak kezka handia agertu du Gazako Zerrendan lan egiten duten osasun-taldeen segurtasunagatik, "Israelek eguneko 24 orduetan egiten dituen aire-eraso etengabeen ondorioz".

"Su-eten humanitarioa" eskatzeko ebazpena onartu du NBEk

Nazio Batuen Batzar Nagusiak herrialde arabiarrek aurkeztutako ebazpen ez-lotesle bat onartu zuen atzo, Gazako Zerrendan "berehalako su-eten humanitario iraunkorra" eskatzeko.

Ebazpenak aldeko 120 boto, 45 abstentzio eta kontrako 14 boto jaso zituen; azken horiek, Israel, AEB, Guatemala, Hungaria, Kroazia, Austria, Papua Ginea Berria, Paraguai, Marshall Uharteak, Tonga, Txekiar Errepublika, Mikronesia, Fiji eta Nauru herrialdeetako ordezkariek emandakoak.

Bozketaren emaitza loteslea ez bada ere, normalean pisu politiko handia izaten du, nazioarteko komunitate osoaren jarrera erakusten baitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE albisteak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina gaur Eskubide unibertsalak GKEen albisteak Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean? Hamas Benjamin Netanyahu gaur