Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Justiziak ezin zuen ofizioz jokatu Bilboko 'txupinera'ren auzian

Horixe adierazi du behintzat Luis Garrido EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaileak, PPko buruzagi batzuen kritikei erantzute aldera.

Luis Garrido EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Aretoko kidea. Argazkia: EiTB
Luis Garrido EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Aretoko kidea.
Luis Garrido EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Aretoko kidea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis Garrido EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Aretoko kideak azaldu duenez, epaileak ezin zuen ofizioz jokatu Bilboko Aste Nagusiko 'txupinera'ren auzian, eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak jarri behar zuen salaketa, epaileak esku hartzea nahi bazuen.

EHJANko Administrazio-Auzietarako Aretoko presidente ere badenak Radio Euskadin azaldu duenez, kasu penaletan soilik jokatzen dute epaileek ofizioz, eta Jone Artolarena administrazio auziari dagokio.

Garridok erantzun horixe eman die, beraz, PPko buruzagi batzuek egindako kritikei. Buruzagi popularrek salatu zuten epaileak geldirik egon zirela 'txupinera'k Aste Nagusiko hainbat ekitalditan parte hartzen zuen bitartean.

"Administrazio auzitegiak ebazpena eman eta gero, interesdunak, kasu honetan Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak, desobedientzia izan dela eta Justiziak esku hartu behar duela uste badu, eskatu egin behar du", azaldu du Garrido epaileak.

EHJANko epaileak Artolaren eta Pablo Gorostiaga Laudioko pregoilari izan behar zenaren kasuak konparatu ditu. Haren esanetan, Gorostiagaren izendapena ezeztatzea "argia" zen, Terrorismoaren Biktimen Legean zehazten delako, baina Artolaren kasuan "zalantzak egon daitezke, eta ondo landu beharreko auzia da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Politika albisteak Bilbo berriak Azken ordukoa Bizkaia Albisteak Gaur Albisteak Irratia euskaraz EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak