Politika -
Eguneko albisteak
EAJ-PSE akordioa, Jose Luis Bilbao eta Oskorri, eguneko lerroburuak
Egunari heldu aurretik irakurri beharreko bost albisteak.
IKER GOMEZ | EITB.EUS
Akordioa EAJ eta PSE-EEren artean
EAJk eta PSE-EEk bideratu dituzte Andoaingo eta Gasteizko udalak osatzeko prozesuan sortu ziren desadostasunak, eta tokian tokiko erakundeak nola egonkortu aztertzen jarraituko dute. Gasteizen, esaterako, gobernu-koalizioa osatzeko eskaintza egin die Gorka Urtaran alkateak sozialistei. Gaur emango dute sozialistek erantzuna.
Eusko Alderdi Jeltzaleak, bestalde, harriduraz hartu du Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak Andoaingo Udalaren osaketan gertatutakoa ikertzeko bere kabuz hartu duen erabakia. Sorturi, berriz, ?surrealista? iruditu zaio Juan Carpalsororen ekimena.
Ahal Duguren ordezkaria, Nafarroako Parlamentuko presidente?
Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Duguren eta Ezkerraren ordezkariek bilera egin zuten atzo Nafarroako Parlamentuan, eta azken erabakirik hartu ez badute ere, Parlamentuko Mahaiaren osaketaren inguruko erabakia gaur hartuko dutela iragarri dute. Litekeena da Ahal Dugukoa izatea Nafarroako Parlamentuko presidentea.
Uxue Barkos Geroa Bairen presidentegaiak azaldu duenez, gaur itxiko dituzte gobernu-programa negoziatzeko batzordeak, eta asteazkenean hasiko dira lanean, Parlamentua osatu ostean. Lau alderdiak gaur bilduko dira berriro, 12:00etan, mahai bakoitzaren edukiak adosteko.
Jose Luis Bilbao, Herri Kontuen Epaitegira
Jose Luis Bilbao proposatu du EAJk Herri Kontuen Euskal Epaitegiko presidente izateko. Jose Maria Gorordoren lekua hartuko luke 12 urtez Bizkaiko ahaldun nagusi izandakoak.
Administrazioan eta diru publikoen alorrean eskarmentu handia duen hautagaia dela adierazi du ohar bidez Euzko Alderdi Jeltzaleak.
?Errefuxiatuen krisi larrienaren aurrean gaude?
Amnistia Internazionala erakundeak ohartarazi du errefuxiatuen krisi larrienaren aurrean gaudela. 50 milioi errefuxiatu daude munduan, ?miseria gorrian? gehienak, eta nazioartearen ?arduragabekeriaren ondorioz? milaka hiltzen direla salatu du.
Salaketa gogorra egin du Amnistia Internazionalak munduko agintarien kontra. Oinarrizko giza babesik eman ez eta milaka lagun heriotzara zigortzen ari direla leporatu die. Horregatik, inoizko errefuxiatu krisi larrienari erantzuteko, beren politiketan ?erabateko? aldaketa egiteko eskatu die.
Oskorrik agur esango du aurten
Oskorri musika talde mitikoak agur esango du aurten, eta taldearen ibilbidea bertan behera utziko du azaroan, 40 urteren ostean. Natxo de Felipe abeslaria buru duen taldeak Getxo Folk jaialdian, irailean, hasiko du azken bira, eta azaroan emango du azken kontzertua, Bilbon, Arriaga antzokian.
70eko hamarkadan Bizkaiko hiriburuan sortutako folk musika taldeak ibilbide oparoa egin du 40 urteotan.