Politika -

Eguneko lerroburuak

Gure Esku Dago, Grezia eta Pedro Sanchez, eguneko protagonistak

Egunari heldu aurretik irakurri beharreko bost albisteak.

IKER GOMEZ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku Dago, erabakitzeko eskubidearen alde

Erabakiaren aroa hasi dela oihukatu zuten atzo Euskal Herriko bost hiriburuetan, eta erabakitzeko eskubidea gauzatzen denean amaituko dela nabarmendu zuten Baionan, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen egindako ekitaldietan.

Bestalde, ekitaldi guztietan azpimarratu zuten "erabakiari begira" jarri direla milaka euskal herritar, "denon borondateek ehundu duten hautetsontzi horri begira". "Abiapuntu horretatik, erabakiaren aroa hasten dugu, dinamika honen fase definitiboa, behin betikoa; igande honetan hasi eta erabakiaren egunean amaituko den azken txanpa", gaineratu zuten.

San Mamesen, Anoetan eta Iruñeko zezen plazan egindako eguneko ekitaldi nagusietan, Gure Esku Dago dinamikako kideek esan zuten ez zirela aldarrikatzeko soilik jaio. "Borondateak ehundu behar ditugu, eta horretan aritu gara sortu ginenetik. Borondateak ehundu; zer, nola eta noiz adostu; eta azkenik, erabaki. Hori da bidea", azaldu zuten.

Pedro Sanchez, PSOEren hautagaia

Pedro Sanchez datozen hauteskundeetarako Gobernuko Presidentetzarako hautagai izendatu du PSOEko Batzorde Federalak igande honetan, militanteen erabakia berretsita. Oraingoan ez dute hauteskunde primariorik egin (uztailaren 26rako zeuden deituta), inork ez baitu hautagai izateko babes nahikorik lortu.

Hori horrela, PSOEren organorik gorenak sozialisten burua izendatu du ofizialki. Sanchez duela urtebete baino gutxiago iritsi zen Idazkaritza Nagusira, militanteek erabakita. Orduan bai izan ziren beste hautagai batzuk; bi, zehazki: Eduardo Madina diputatua eta Jose Antonio Perez Tapias Ezker Sozialistaren burua. Hauteskunde primarioetan lehiatu ziren hirurak, eta PSOEko afiliatuek hautatu zuten hurrengo idazkari nagusi berria.

PEDRO SANCHEZ PSOE EFE

PEDRO SANCHEZ PSOE EFE

Greziak proposamen berri bat jarri du mahai gainean

Euroguneko estatuburuek eta gobernuburuek premiazko bilera egingo dute gaur, Greziaren etorkizuna aztertzeko. Mahai gainean, Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak egindako azken proposamena izango dute.

Herrialdeak hilaren 30a arteko epea du erreskatearen hurrengo zatia (7.200 milioi euro) jasotzeko akordioa lortzeko. Hala egin ezean, segur aski dirurik gabe geratuko da langile publikoen soldatak eta pentsioak ordaintzeko, hilabete amaieran 1.600 milioi euro itzuli behar baitizkio Nazioarteko Diru Funtsari (NDF).

Donald Tusk Europako Kontseiluko presidentearen esanetan, Tsiprasek bi aukera ditu: nazioarteko hartzekodunen aginduak bete eta murrizketa gehiago egin edo corralito bat ezarri, azken egunetan herritarrek milioika euro erretiratu baitituzte bankuetatik. Oraingoz, baina, beste aukera bat lantzen ari da: Europak onartuko lukeen erreforma proposamen bat aurkeztea.

MAM-eko argazkia: varoufakis_

MAM-eko argazkia: varoufakis_

Aginagalderen aurkako epaiketa errepikatu egingo dute

Auzitegi Nazionalak errepikatu egingo du Isaias Carrasco zinegotzi sozialistaren hilketa (2008ko martxoan 7an hil zuten, Arrasaten) argitzeko epaiketa, eta, ondorioz, berriro epaituko dute Beñat Aginagalde, lehen epaiketan absolbitu ondoren.

Gorenak eman zuen Aginagalde berriro epaitzeko agindua, akusazioak proposatutako bi lekukok argazki bidez identifikatu baitzuten Aginagalde, eta, Gorenaren ustez, epaileek ez baitzioten horri behar besteko baliorik eman. Lehen epaiketan parte hartu zuten epaileek absolbitu egin zuten Aginagalde, froga faltagatik. Alfonso Guevarak, Carmen Lamelak eta Clara Bayarrik osatuko dute epaimahai berria. Fiskalak 32 urteko espetxe-zigorra eskatu du akusatuarentzat.

MAM-eko argazkia: aginagalde_

MAM-eko argazkia: aginagalde_

Omenaldia gudariei

Gerra Zibilean hildako gudariak omendu dituzte igandean Bilbon, ohi bezala. Jose Moreno omenduen ordezkariak esan duenez, "etorkizuna ezin da ez ahanzturaren ez gorrotorean gainean eraiki".

Artxanda mendiko 'Aztarna' eskulturaren inguruan bildu dira gudariak eta senideak eta hainbat ordezkari politiko, tartean, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua, Jose Luis Bilbao Bizkaiko jarduneko ahaldun nagusia, Andoni Ortuzar EBBko presidentea, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia, Juan Maria Atutxa Sabino Arana Fundazioaren presidentea, Iñaki Anasagasti senataria, Alfonso Gil PSE-EEko zinegotzia, Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotzia, Beatriz Marcos PPko zinegotzia eta Francisco Samir Ganemoseko zinegotzia.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Jose Moreno gudariaren eskutitza irakurri du (ezin izan du bertan egon gaixorik baitago). Morenoren hitzetan, "1936ko altxamendu militarrak gerra zekena eta diktadura ekarri zituen, eta Euskadin historian izandako tragediarik handiena izan zen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gaur