Politika -
PP-ren salaketa
Atutxaren sendiak 68 milioi euroko kontratuak jaso izana salatu du PPk
Bizkaiko PPk esleipenak ikertzea eskatu dio Juan Calparsoro EAEko fiskalburuari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PPk jakinarazi du azken urteetan Juan Mari Atutxa (EAJ) Herrizaingo sailburu ohiaren senideek 200dik gora kontratu publiko jaso dituztela, 68 milioi eurokoak orotara. "Klientelismo" auzia dela uste dute popularrek.
Javier Ruiz Bizkaiko PPko idazkari nagusiak ofizioz esku hartzeko eskatu dio Juan Calparsoro EAEko fiskalburuari, esleipenak ikertzeko.
Buruzagi popularrak hiru enpresa aipatu ditu bereziki. 90eko hamarkadaren ostean, 200dik gora kontratu publiko eskuratu dituzte.
Lehenak Ekin eta Ekin Eraiketak (egoitza sozial bera dute) dira. 2012ko iraila arte, Juan Mari Artutxaren bi anaia izan ziren administratzaileak, eta, harrezkero, bi iloba. Bi enpresek 40 milioi euro lortu dituzte Jaurlaritzak, aldundiek eta hainbat udalek emandako kontratutan.
Bigarren enpresa Ingeplan Consulting da. Kudeatzaileak Atutxaren hiru seme dira: Iskander (presidentea), Jon (idazkaria) eta Asier (2013 urtea arte; egun Bilboko Portuko presidentea da). PPren arabera, konpainia horrek 25 milioi euroko esleipen publikoak eskuratu ditu.
Azkenik, Arkigest e Iaz aipatu du Javier Ruizek. Iskander Atutxa da administratzaile bakarra, eta hiru milioi euro fakturatu ditu hainbat udalekin sinatutako kontratuekin.
Besteak beste, Mundakako Udala (Unai Rementeria ahaldun nagusia alkate zen garaian) izan da kontratuetako batzuk eman dituen erakundeetako bat.
Ruizek aitortu egin du kontratu gehienak lehiaketa publikoetan esleitu dituztela, baina kasu horietan buruzagi politiko baten senide izateak eta euren kolore politikoak zerikusia dutela gaineratu du. "Klientelismo politikoa aski errotuta dago EAEn", ohartarazi du.