Politika -
Ustelkeria PP-ren baitan
Alderdi Popularrak espediente informatiboa ireki dio Rita Barberari
Valentziako udaletxean izandako ustezko ustelkeria kasuarekin lotura duten PPko kide guztiengan izango du eragina aipatu espedienteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alderdi Popularrak espediente informatiboa ireki die Valentziako PPri egotzitako ustelkeria kasuarekin lotura duten alderdikide guztiei (epaileak ikertu ala ez), tartean Rita Barberari.
Hala jakinarazi du Fernando Martinez-Maillo PPren Antolakuntza idazkariak Kongresuan egindako agerraldian. Hain justu gaur onartu du Rita Barberak bere borondatez Valentziako epaitegian deklaratzea. Valentziako Alderdi Popularraren dirua zuritu izana leporatzen diote.
Martinez-Maillok azaldu duenez, espedienteak epailea ikertzen ari den “gertakari zehatzetan” oinarritzen da eta prozesu judizial horretan ikertzen ari diren edo deklaratzera deitu dituzten PPko kide guztiengan eragina duela.
PPko buruzagia pozik agertu da Barberak bere borondatez deklaratzea onartu duelako eta ziurtatu du ustelkeriaren kontrako borrokan denak bat datozela Alderdi Popularrean.