Politika -

Elkarrizketa

Rajoyk dio ez zekiela ezer Valentziako PPn gertatzen zenaz

Atzo emandako elkarrizketa batean adierazi zuenez, informazio espedientea ireki dute gertaerak ezagutzeko eta behar diren erabakiak hartzeko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy jarduneko Gobernuko presidenteak atzo azaldu zuen berak zein PPko zuzendaritzak ez zekitela zer gertatzen zen Valentzian alderdiarekin. Gaineratu zuenaren arabera, informazio espedientea ireki dute gertaerak ezagutzeko eta behar diren erabakiak hartzeko.

Telecinco kateari emandako elkarrizketa batean, Rajoyk ukatu egin zuen gatazkarik egon denik bera eta PPko zuzendaritzako beste kide batzuen artean Rita Barberá Valentziako alkate ohiaren azalpenen inguruan.

Rajoyk adierazi zuen sumarioaren sekretua kendu arte ez berak, ezta alderdiak ere ez zutela ezagutzen zer gertatzen zen Valentziako PPn, eta nahiz eta "gauzaren bat" entzuna zuten, "ideiarik ere ez" zutela han gertatzen zenaz. Horregatik arrazoitu du orain arte neurririk hartu ez izana.

Jakitera eman zuenaren arabera, sumarioa ezagutu ostean, kontu horretan nahasita dauden guztiei (ikerketapean daudenei, lekukoei zein Rita Barbera alkate ohiari) informazio espedientea irekitzea erabaki dute, "zer gertatu zen zehazki ikusteko, eta hori abiapuntutzat izanda, hartu beharrekoa erabakiak hartzeko".

Ustelkeriari buruzko batzordea

PP alderdiko buruak Kongresuan ustelkeriari buruzko batzorde bat sortu izana balioetsi zuen. Azaldu zuen, bere alderdiak beste alderdiekin batera alde bozkatu zuela, uste baitute gai horren inguruan egiten den guztiak berebiziko garrantzia duela. "Larria litzateke gai horretan guztien arteko adostasunik ez egotea", gaineratu zuen.

"Politikaren ikuspuntuaren arabera, ustelkeriaren gaitzarekin bukatzea da dudan desiorik handiena", zehaztu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PP Rajoy berriak Alderdi politikoak albisteak Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Gaurko azken orduko albistea