Politika -
Gobernu bilera
Mendia: 'Nazkagarria litzateke Arabako espioitza kasua baieztatzea'
Arabako hainbat pertsonari ustez bi ertzainek eta EAJko buruzagi ohi batek egindako espioitza izan du hizpide Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.
Erredakzioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du Araban ustez bi ertzainek eta EAJko buruzagi ohi batek lurralde horretako hainbat pertsonari espioitza egin dietela baieztatuko balitz, "nazkagarria" eta "onartezina" izango litzatekeela "edozein demokratarentzat".
Gobernu bileraren ostean egindako prentsaurrekoan, Mendiak hizpide hartu du Gasteizko epaile bat ikertzen ari den ustezko espioitza kasua.
Bere esanetan, Herrizaingo Sailak ez du auzian ertzain gehiago nahasita dagoen zantzurik, eta gertatutakoa baieztatuko balitz erantzukizunak eskatuko lituzketela azaldu du.
Mendiak gogorarazi du epaileak sekretupean jarri duela auzia, eta Justiziari laguntzeko prest agertu da, Gobernua baita dena argitzeko "interes handiena" duena.
Halaber, Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzordea sortzeko aukeraz, Jaurlaritzako eledunak adierazi du prest daudela beste erakundeei ere laguntzeko.
Kataluniako Estatuta
Bestalde, Estatutaren polemikaren inguruan, Mendiak kritikatu egin du batzuek Auzitegi Konstituzionalaren epaiaz "baliatu" nahi izatea "autonomien Estatua lurperatu eta Espainiako aniztasunari lekua ez emateko".
Jaurlaritzako bozeramaileak esan du ulertu egiten dituela Generalitatearen eta haren presidentearen jarrerak epaiaren aurrean.