Politika -
Armagabetzea
Espagnacen armagabetzeari buruzko bertsioa ezbaian jarri du Ortuzarrek
EBBren presidentearen ustean, "eleberrien moduan" kontatu du gertatutakoa senatari sozialistak Radio Euskadiko atzoko elkarrizketan.
Radio Euskadi | erredakzioa
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak adierazi duenez, Frederique Espagnacek atzo, astelehena, armagabetzea egin aurretik egindako lanez emandako azalpena ez dator bat errealitatearekin. Radio Euskadiko Boulevard saioan egindako elkarrizketa batean, gertatutakoa "askoz ere konplexuagoa" izan dela ziurtatu du Ortuzarrek eta, bere ustean, Espagnacek "eleberrien moduan" kontatu du. Jeltzaleak onartu du, senatari sozialistak egin zuen bezala, armagabetzea ez legokeela burututa egongo Frantziak esku hartu izan ez balu. "Espainiak Frantziari ezetza eman balio, ere ez", erantsi du.
Horren ildotik, ados agertu da bakearen artisauek emandako bertsioarekin, hau da, Frantziako Gobernuak ez zuela erantzunik emandako armagabetzea burutzeko 48 ordu lehenago; "hori hala izan da". "Beste gauza bat litzateke Gobernu frantziarrean bestera ulertzen zuenik egotea", gaineratu du. Ortuzarren iritzian, Espagnacek "dominak" lortzeko lehiaren testuinguruan egin dituela adierazpenak, eta kontuan hartuta Frantziako hauteskundeen atarian daudela. "Ez dut ika-mikarik eragin nahi; armagabetzea ondo egin da, listo".
Matteo Zuppi Boloniako artzapezpikuaren parte-hartzearen eta Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak horren kontura esandakoen harira, Ortuzarrek esan du Zuppirengandik gertuago ikusten duela bere burua. "Batzuetan, fededun eta katoliko gisa, zur eta lur geratzen naiz euskal gotzainak esaten duten gauza batzuen aurrean", adierazi du, Munillaren esanen gainean. "Guk San Egidioko komunitatearekin lotura daukagu, Zuppirekin lan egin dugu, badakigu zein den haien jarrera, euskal aferaz ez ezik, errefuxiatuez ere, eta bat gatoz Eliza horrekin".
Hemendik aurrera eman beharreko pausoez ere aritu da EBBren presidentea. Zehatz-mehatz, berehala heldu beharreko esparruetako bat preso gaixoen egoera da. "Ez gara espetxe-politikaz ari, giza mailako gai bat da", "berehala heldu behar zaio". Edonola ere, Ortuzarrek "giro egokia sortzea" ezinbestekotzat jo du sakabanaketa ere, esaterako, konpontzeko.
EPPK-k zabaldutako azken agirian, presoak Langraitzeko espetxera ekartzeko eskatu du. Ortuzarrek horren harira esan duenez, "litekeena da eskatzen duten hori modu mailakatuan eman behar diren azken pausoa izatea".
"Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du"