Politika -

DIPUTATUEN KONGRESUA

Espetxealdi iraunkor berrikusgarria indargabetzeko beste pauso bat eman du Kongresuak

Espainiako Diputatuen Kongresuaren gehiengoak atzera bota ditu PPk eta Ciudadanosek aurkeztutako osoko zuzenketak. Bi alderdi horiek espetxealdi iraunkorraren aldekoak dira.

Espetxealdi iraunkor berrikusgarriari buruzko eztabaida Diputatuen Kongresuan. EFE
Espetxealdi iraunkor berrikusgarriari buruzko eztabaida Diputatuen Kongresuan. EFE
Espainiako Kongresua, kartzela zigor iraunkor berrikusgarriaren kontra

1:33

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espetxealdi iraunkor berrikusgarria bertan behera uzteko EAJk egindako ekimenak bere tramitazioa jarraituko du Espainiako Diputatuen Kongresuan. Izan ere, Kongresuan lege proposamenari PPk eta Ciudadanosek egindako osoko zuzenketak gaur ez dira aurrera atera. Bi alderdi horiek espetxealdi iraunkorraren aldekoak dira, eta, are gehiago, bere aplikazioa zabaltzea eta Zigor Kodea gogortzea nahi dute. Alderdi Popularrak 2015ean ezarri zuen espetxealdi iraunkor berrikusgarria, hain zuzen ere, gehiengo absolutua zuen garaian.

Bozketan, PSOE, Unidos Podemos, ERC, EAJ, PDeCAT, Compromis, EH Bildu eta Nueva Canarias alderdietako ordezkariek atzera bota dituzte PPk eta Ciudadanosek aurkeztutako testu alternatiboa. Coalicion Canariak, ostera, abstentziora jo du.

PPk eta Ciudadanosek bakoitzak bere testua aurkeztu du. Talde popularrak espetxealdi iraunkor berrikusgarriaren aplikazioa zabaltzea eskatu du, eta Ciudadanosek, berriz, espetxe onurak mugatzea. Bi alderdi horiek elkarren ekimenak babestu dituzte, eta UPN eta Foro Asturiasen babesa ere izan badute ere, ez da nahikoa izan. Beraz, ez dira aurrera atera osoko zuzenketak.

EAJren lege proposamena Diputatuen Kongresuan eztabaidatzen duten bigarren aldia. Lehenengoa, iazko urrian izan zen. Orduan, gaurko alderdi berdinek bozkatu zuten kontra, baina Ciudadanos abstenitu egin zen.

Gaurko tramitea igarota, orain Kongresuko Mahaiari dagokio zuzenketak aurkezteko epea zabaldu ala ez erabakitzea. Alderdi gehienak Auzitegi Konstituzionalaren erabakia esku artean izan arte tramitazioa ez bizkortzearen aldekoak dira. Izan ere, PSOEk eta oposizioaren zati batek helegitea aurkeztu zuten 2015ean Konstituzionalean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Albisteak Alderdi Sozialista PP UPN Delituak azken ordukoa Espainia albisteak Alderdi politikoak Gizartea bideoak EH Bildu Araba Ciudadanosi buruzko albisteak Albisteak Gaur Albisteak Podemos berriak