Politika -

Ikerketa

Gozogintza lantegian sutea eragin izana ukatu du Guardiako zinegotziak

Haren abokatuak, bestalde, esan du ez duela zinegotzia sabotaje horretan nahasten duen frogarik jaso. Ertzaintzak, aldiz, zinegotziaren kontrako ikerketa abiatu duela baieztatu du.

Guardiako zinegotzi ohi bat susmopean bere okindegiko sute batengatik

1:17

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Mateo Guardiako Ciudadanoseko zinegotzi ohia ikertzen ari da Ertzaintza, haren gozogintza lantegian izandako sutea eragin zuelakoan. Gainera, okindegian mehatxuzko pintadak egin zizkiotela salatu zuen Mateok: "faxista" eta "espainiar puta semeak" zioten pintadak, hain zuzen. Alabaina, Ertzaintzak abiatutako ikerketa zalantzan jarrita, ustezko erasoarekin zerikusirik ez duela esan du Guardiako zinegotziak.

Gaur egun Guardiako Udalera atxiki gabeko zinegotzia da Mateo. Izan ere, duela bi urte Ciudadanos alderdia utzi zuen Libres por Euskadi taldean sartzeko. Aurreikusitakoaren arabera, hurrengo hauteskundeetan alderdi horren alkatetzarako hautagai izango da.

 

Harira itzulita, Jose Antonio Mateok ukatu egin du sabotajean parte hartu izana, eta haren abokatuak adierazi du Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiaren esku utzi zutela ikerketa. Gainera, zehaztu du oraingoz ez duela Mateo sabotaje horretan nahasten duen frogarik jaso.

"Nik dakidala adituen txostenek ez dute Mateok sutea eragin zuenik esan, eta, oraingoz, ez dago bide horretara zuzentzen duen frogarik ere", azaldu du abokatuak.

Libres Por Euskadi alderdiak, berriz, ohar bat bidali du igandean bilera egingo dutela argitzeko. "Batzar horretan erabakiko dugu zer egin, baina ordura arte nahiago dugu itxaron", dio oharrak.

Bestalde, zinegotzia ikertzen ari da Ertzaintza, ustez sutea eragiteagatik eta delituaren itxura egiteagatik.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Araba Ciudadanos Eguneko albisteak Guardia Albisteak