Politika -
11/13 auzia
47 auzipetuak Madrilera abiatu dira milaka herritarren babesa jaso ondoren
Lopidako (Araba) zerbitzugunean elkartu dira, bertatik Espainiako hiriburura abiatzeko. ETAk "borroka armatua utzi" ondoren 47 pertsona epaitzea "zentzugabekeria" dela uste du Goioagak.
eitb.eus
Astelehen honetan Auzitegi Nazionalean 11/13 auziaren epaiketa hasiko da eta gaur auzipetuak Madril aldera abiatu dira. Gasteiztik hurbil batu dira elkarrekin joateko.
Lopidako (Araba) zerbitzugunean elkartu dira, bertatik Espainiako hiriburura abiatzeko. ETAk "borroka armatua utzi" ondoren 47 pertsona epaitzea "zentzugabekeria" dela uste du Iñaki Goioaga Amaiurreko senatari ohi eta abokatuak. Goioaga auzipetuetako bat da.
Epaiketa "planteatzen ari diren moduan zentzugabekeria da", azpimarratu du Madrilera abiatu aurretik.
2012-2013tik aurrera erakunde armatuko kide izatea leporatzea, ETAk dagoeneko "borroka armatua utzi eta desegiteko prozesuan zegoenean, gauzak testuingurutik ateratzea da. Are gehiago, 11-14 urte bitarteko zigorrak eskatzen direnean".
"Fiskalaren tesiaren arabera, 13 abokatu ETAn sartzen dira, ETAk borroka armatua utzi duenean… edo memeloak gara ala zentzugabekeria da", gaineratu du.
"13 abokatu gara, baina senideak, psikologoak, medikuak… daude; pertsona horiek guztiak ETAko kideak direla planteatzea, borroka armatua desagertu denean… arazoa lukeena Estatua da egia balitz", adierazi du.
Etxeraten, Jaiki Hadin, Herriran eta presoen abokatu edo bitartekari lanetan aritzea leporatzen diete auzipetuei, eta hori dela eta, ETAko kide izatea edo laguntza ematea. Guztira, 601 urteko kartzela-zigorra eskatzen du fiskalak auzipetuentzat.
Epaiketaren atarian, "Giza Eskubideak, Askatasuna, Etorkizuna. Herrrian" lelopean milaka pertsona bildu ziren -20.000 Udaltzaingoaren arabera eta 50.000 antolatzaileen arabera- larunbatean, Bilbon, auzipetuei elkartasuna adierazteko eta epaiketa salatzeko.
Manifestazioan izan ziren EH Bilduko hainbat ordezkari (Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Bakartxo Ruiz...) Podemos Euskadiko zenbait kide (Andeka Larrea), ELA, LAB zein CCOO sindikatuetako ordezkariak, eta Etxerat, Foro Soziala, Sare zein ANC katalaneko ordezkariak, besteak beste.
Polizia operazioen kronologia laburra
2013ko irailaren 30ean Guardia Zibilak 18 pertsona atxilotu zituen, Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegi Zentralak aginduta. Era berean, Herrira mugimenduaren aurkako operazioan lau lokal miatzeko eta ixteko agindua eman zuen. Gainera, elkartearen jarduera bi urtez bertan behera uztea agindu zuen.
2014ko urtarrilaren 8an, Guardia Zibilak beste zortzi pertsona atxilotu zituen Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegi Zentralak aginduta. Horien artean hiru abokatu atxilotu zituzten. Atxilotuak Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) bitartekari gisa publikoki aurkeztu ziren 2012ko ekainaren 2an.
2015eko urtarrilaren 12an, Eloy Velasco epaileak beste 12 abokatu atxilotzeko agindua eman zion Guardia Zibilari, baita haien bulegoak miatzeko ere. Era berean, Herrira elkartearekin lotuta, beste lau pertsona atxilotu zituzten, terrorismoa finantzatzea egotzita. Sei hilabete lehenago, ikertuak izaten ari zirela salatu zuten operazioan atxilotutako abokatuek, eta deitzen zituztenean epailearen aurrean agertzeko borondatea azaldu zuten.
Azkenik, Guardia Zibilak lau pertsona atxilotu zituen 2015eko martxoaren 25ean: Etxerat presoen senideen elkarteko bi kide eta Jaiki Hadi osasuneko profesionalen kolektiboko beste bi kide. Horietako hiru psikologoak dira. Haien zeregin profesionala pertsona presoak eta haien senitartekoak artatzea da. Atxilotuei Istanbuleko Protokoloa aplikatzen ote zaien egiaztatzeko orduan adituak ere badira.