Politika -

Epaiketa Auzitegi Nazionalean

11/13 auzipetuekin elkartasuna olatua, Bilbon

Astelehenean hasiko da Auzitegi Nazionalean "guztia ETA da" teoriari lotutako azken makroepaiketa. 47 lagun daude auzipetuta, eta milaka pertsona elkartu dira gaur Bilbon, epaiketa salatzeko.

Manifestazioaren burua. Argazkia: @47akHerrian
Manifestazioaren burua.
Elkartasun uholdea Bilbon 11/13 sumarioko 47 auzipetuen alde

1:38

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen honetan, irailak 16, hasiko da Madrilgo Auzitegi Nazionalean "guztia ETA da" teoriari lotutako azken makroepaiketa. 47 pertsona epaituko dituzte 11/13 auziaren baitan, eta epaiketaren atarian, "Giza Eskubideak, Askatasuna, Etorkizuna. Herrrian" lelopean milaka pertsona bildu dira Bilbon -20.000 Udaltzaingoare arabera eta 50.000 antolatzaileen arabera-, auzipetuei elkartasuna adierazteko eta epaiketa salatzeko.

Etxeraten, Jaiki Hadin, Herriran eta presoen abokatu edo bitartekari lanetan aritzea leporatzen diete auzipetuei, eta hori dela eta, ETAko kide izatea edo laguntza ematea. Guztira, 601 urteko kartzela-zigorra eskatzen du fiskalak auzipetuentzat

Makroepaiketa honetan auzipetuta dauden Ibon Meñika Herrirako kideak eta Amaia Izko abokatuak mobilizazioaren aurretik komunikabideen aurrean esan dute oso pozik daudela herritarrek emandako erantzunarekin.

Epaiketa "injustua" dela salatu dute, eta auzia "lekuz eta garaiz kanpo" dagoela ere nabarmendu dute.

Izkok argi utzi du "euskal gizarteak aurrera egin nahi duela eta ez duela iraganera garamatzan estrategiarik onartuko". Aurrera egite horretan presoen gaiak "irtenbide integrala" behar duela ere adierazi du.

17:30ak jota zirenean abiatu da manifestazioa Bilboko Casillatik. Pankartaren buruan kultura, politika, hezkuntza eta beste hainbat gizarte arlotako pertsona ezagunak izan dira. Manifestazio buruak aurrera egin ahala, Autonomia Kalea jendez bete da eta Zabalburura iristerako, beteta zen inguru hura ere. Txalo artean hartu ditu jendeak auzipetuak, "euskal presoak etxera" oihuen artean.

manifestazioa bilbon

Jendetza Autonomia kalean. Argazkia: EiTB

18:40 inguruan iritsi da manifestazioaren burua Bilboko Udalaren eskaileretara, eta bertan Jon Maia bertsolariak idatzitako manifestua irakurri dute Ana Mezok eta Amaia Zufiak. Prozesu judizial hau salatzen duen testuak 11.000 sinadura bildu ditu bi hilabetean.

Euskal herritarren "elkarbizitza, bake eta justizia nahiari" erantzutera dei egiten du manifestuak eta "gatazkaren logika batetik abian jarritako prozesuak"  bertan behera uzteko eskatzen du.

Manifestazioan izan dira EH Bilduko hainbat ordezkari (Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Bakartxo Ruiz...) Podemos Euskadiko zenbait kide (Andeka Larrea), ELA, LAB zein CCOO sindikatuetako ordezkariak, eta Etxerat, Foro Soziala, Sare zein ANC katalaneko ordezkariak, besteak beste.

Manifestazioaren aurretik antolatzaileek EiTBn egin duten hausnarketa

Beñat Zarrabeitia auzipetuen bozeramaileak manifestazio jendetsua espero zutela iragarri du jada gaur goizean EiTBko kameren aurrean: "Gaurkoan espero dugu azken hilabeteotan egindako lanak elkartasun olatua ekartzea. Gogoratu beharra dago azken hilabeteotan gehiengo politiko zabal eta transbertsal bat osatzen duten alderdiekin elkartzeko aukera izan dugula, sindikatu guztiekin batu garela, eta bestalde, Jon Maiak idatzitako manifestuak 11.000 sinadura jaso dituela bi hilabetetan. Horrek nolabaiteko termometro bat ematen digu eta zentzu horretan uste dugu hori nolabait irudikatuko dela Bilboko kaleetan, batetik ezetz esateko astelehenean abiatuko den makroepaiketa horri, bestetik, guri elkartasuna adierazteko, eta bereziki, aurrera begiratzeko, etorkizun hobe bat eraiki behar dela aldarrikatzeko".

"Gure gainean ezpata astun eta gogor bat dago" salatu du Zarrabeitiak: "Ez da kartzelak betetzeko garaia, baizik eta soluzio agenda partekatu baten bitartez, kartzela hustekoa baizik" esan du, "iraganeko zauriak sendatzek garaia da". Etorkizunera begiratu beharra dagoela aldarrikatu du: "Ikusten duguna da 2019ko euskal jendarteak, zorionez, aurrera egin duela. 2019an 2013an baino hobeto gaude eta 2013an 2008an baino hobeto geunden eta hemendik denbora batera hobeto egon nahi genuke".

11/13 auziko bozeramaileak berriz ere eskertu ditu hilabete hauetan jasotako babesak: "Izan ditugun harremanetan garbi ikusi dugu badagoela aurrera egiteko borondatea, jendeak inplikatu egin nahi duela, eta guk pilo bat eskertzen ditugun jaso ditugun elkartasun mezuak, egindako bilkurak eta ekintzak, eta jaso ditugun babesak bai publikoan bai pribatuan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa ETA Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak