Politika -

Amaitu da bilera-sorta

Bilduren ustez 'zentzuzkoena' Gipuzkoan gutxiengoan agintzea izango da

Martin Garitano ahaldun nagusigaia Aralarreko ordezkariekin bildu da gaur eta programako puntu askotan bat egiten dutela ikusi omen dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martin Garitano Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak uste du, hauteskundeetako emaitzak ikusita, "zentzuzkoena" Gipuzkoan koalizioak gutxiengoan agintzea izango dela. Horretarako, Batzar Nagusietan adostutakoari jarraituko diotela eta gainerako alderdiekin "unean uneko akordioak" lotuko dituztela gaineratu du. Era berean, gainerako alderdiekin egin duen moduan, Aralarri ere Batzar Nagusietako Mahaian egoteko aukera eskaini dio.

EAk Donostian duen egoitzan Aralarreko kideekin egin duten bileraren ostean Garitanok azaldu duenez, hauteskundeetako "emaitzen balorazioa" egin eta horien irakurketa partekatu dute Aralarrekin. Bildutik, Garitanoz gain, Iñaki Agirrezabalaga, Ander Rodriguez, Idoia Ormazabal eta Lohitzune Txarola bertaratu dira; eta Aralarretik, Jon Abril, Oxel Erostarbe eta Rebeka Ubera batzarkidea.

Bilduk Aralarri ere, "PSEri eta EAJri egin genien moduan", Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mahaian egoteko aukera eskaini diotela azaldu dute.

"Bost postu daude Mahaian eta Batzar Nagusietan ordezkariak dituzten alderdi guztiak han egotea nahi dugu", Garitanoren esanetan. Era berean, Aralarrek "Gipuzkoako gobernuan parte hartzea" nahi omen du Bilduk, "aldaketarako dugun asmoan" lagun dezan.

Ahaldun nagusigaiaren arabera, Aralarrekin "komunikazio erraza" izango du Bilduk "programak alderatzen jarraitzeko, ez baitago oinarrizko desadostasunik". Kontrako iritzia du PSErekiko eta EAJrekiko, haiekin bai baitaude "desberdintasunak programari eta azpiegitura handiei dagokienez", nahiz eta aitortu "unean uneko akordioak" lotzea posible izango dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea