Politika -

'Proces' auziko epaia

Torrak bilera eskatu die Felipe VI.ari eta Sanchezi 'krisia'ri aurre egiteko

Generalitatearen presidenteak salatu du "demokrazia iraindu eta Kataluniako gizartea gutxietsi" dutela ebazpenarekin. Torrentek esan du "guztiak" zigortu dituztela.

Torra, gaurko agerraldian. Argazkia: EiTB
Torra, gaurko agerraldian. Argazkia: EiTB
Torra: 'Epaia demokraziaren aurkako iraina da'

1:50

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Quim Torra Generalitatearen presidenteak gutuna bidali die Felipe VI.a erregeari eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari "premiazko" bilera eskatzeko, Auzitegi Gorenaren "ebazpenak ireki duen krisiaz hitz egiteko".

Torrak agerraldia egin du Generalitatearen egoitzan, kontseilariak, Roger Torrent Parlamentuko presidentea, Mahaiko kide batzuk eta Artur Mas presidente ohia aldamenean zituela, besteak beste.

'Proces'aren ebazpenari buruzko adierazpenak egiteko agerraldi horretan, Torrak iragarri du datozen egunotan Parlamentuan hartuko duela hitza gai hori jorratzeko, eta bihar goizean Gobernuak aparteko bilera egingo duela.

Torrak gutunez eskatu die bilera erregeari Sanchezi Kataluniak "bizi duen garai larria dela eta", pertsona "ohoretsu eta baketsuen" aurkako ebazpenaren berri izan ostean: "Zigorra iraina da demokraziarentzat, eta Kataluniako gizartearekiko mespretxua".

Torrak azpimarratu du erreferenduma antolatzea ez dela Zigor Kodean agertzen den "inolako delitua", eta "gertakariak eta kontaketa faltsua asmatu" dituztela "mendeku eta justiziaren aurkako ekintza bat" aurrera eramateko.

Testuinguru horretan, "errepresioaren amaiera preso politikoen eta erbesteratuen askatasuna" aldarrikatu du, "amnistia barne".

Torrak esan du gatazkak konpontzeko bidearen oinarriak "hitza, botoa eta askatasuna" izan beharko liratekeela, "mehatxua, zigorra eta espetxea ez baitira irtenbidea".

"Zigor Kodea herriaren nahiaren kontra erabiltzea diktaduraren ondarea da, ez demokraziaren ezaugarri propioa", ohartarazi du.

Interesatuko zaizulakoan: Pedro Sanchez: 'Ideiengatik ez da inor epaitzen'

Torrak berretsi du Kataluniako errepublika lortzeko bidean lan egiten jarraituko dutela, “aitzakiarik gabe”, eta argi adierazi nahi izan du “errepresioak ez diola partida irabaziko” autodeterminazioari.

Horren harira, kartzelatutakoen “sakrifizioa” ez dela “hutsala” izango adierazi du, “justizia eta askatasun hazia” izango dela.

Gutunak erregeari eta Sanchezi

Felipe VI.a erregeari eta Sanchezi bidalitako gutunetan argudiatu du ebazpenean agertzen diren zigorrak ez direla justuak, eta U-1eko poliziaren kargak agindu zituenari ezarri beharko litzaizkiokeela.

“Gaur ebazpena jaso beharko luketenak egun hartako erasotzaileak izan beharko lirateke. Boto-paperak eskuetan inolako deliturik egiten ez zuten herritar baketsuen aurkako eraso indiskriminatua agindu zuena zigortu behar lukete”, azaldu du testu bera duten bi gutunetan.

Gainera, ebazpenak ez duela Kataluniako gatazka konpontzen, egoera okertzen duela eta irtenbidea urruntzen duela iritzi dion arren, hitz egiteko borondatea berretsi du: “Beti egon gara hitz egiteko prest gatazka politiko honen konponbidearen inguruan, gaur, sekula baino prestuago”.

Torrent

Bestalde, Roger Torrent Parlamentuko presidenteak esan du ebazpena "demokraziaren eta herritar guztien eskubideen aurkako erasoa" dela.

Twitterren adierazi duenez, "gaur denok zigortzen gaituzte, ez 12 pertsona soilik", eta askatasunak ere zigortzen dituzte.

Torrentek atsekabea energia bihurtzea eskatu du: "Indarkeria ezatik, defenda ditzagun oinarrizko eskubide eta askatasunak. Beti egin dugun moduan, eraso okerrenei aurre egiteko indarra eta inteligentzia nahikoa aurkituko digu, etorkizun eta esperantza eszenatokia eratzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Politika Bartzelona Kataluniaren independentzia Auzitegi Gorena albisteak Espainiako Felipe VI.a argazkiak Pedro Sánchez argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès bideoak Kataluniako prozesua zuzenean Kataluniako Generalitatearen azken ordukoa