Politika -

Soziometroa

A10eko emaitzak Espainiarentzat negatiboak direla uste dute euskal herritarren % 77k

Gainera, hamar euskal herritarretatik lauk aitortu dute hauteskundeak errepikatu izanak eragin handia edo dezente izan duela botoa emateko orduan.

Azoraren 10eko hauteskunde orokorretan botoa eman zuen pertsona bat. Artxiboko argazkia: EFE
Azoraren 10eko hauteskunde orokorretan botoa eman zuen pertsona bat.
Azoraren 10eko hauteskunde orokorretan botoa eman zuen pertsona bat. Artxiboko argazkia: EFE

Agencias | Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal hautesleen % 77k uste dute azaroaren 10eko hauteskunde orokorretako emaitzak negatiboak direla Espainiarentzat. Apirilaren 28ko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta, herritarrek iritziz aldatu dutela erakusten du datu horrek, orduan % 81ek uste baitzuten onak zirela.

A10eko hauteskundeak PSOEk irabazi zituen berriro, baina hiru diputatu gutxiagorekin. Unidas Podemosek eta, batez ere, Ciudadanosek ere ordezkariak galdu zituzten. PPk, berriz, apirilean galdutako babesa berreskuratu zuen, eta Voxek 52 eserleku lortu zituen.

Apirilaren 28ko hauteskundeetako emaitzen ondoren egindako balorazioan, euskal herritarren % 81ek uste zuten emaitzak positiboak zirela, eta % 7k baino ez zituzten negatibotzat jo, orain ez bezala; izan ere, % 18k soilik uste dute positiboak direla, eta % 77k negatibotzat jo dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) emaitzei dagokienez, ordea, hautesle gehienek (% 86) positibotzat jo dituzte, apirilekoaren antzekoa (% 89).

Eusko Jaurlaritzak ostiral honetan zabaldutako Soziometroaren ondorioetako batzuk dira horiek. Horretarako, 750 hautesle elkarrizketatu zituzten astelehenean eta asteartean telefono bidez (200 Araban, 300 Bizkaian eta 250 Gipuzkoan).

Testuinguru horretan, herritarren % 57k esan dute hauteskundeen aurretik zabaldutako inkesten berri izan zutela, baina gehienek (% 78k) diote inkesta horien emaitzek ez zutela eraginik izan igandean emandako botoan.

Oro har, botoa erabakitzeko orduan eragina izan duten gai nagusiak honako hauek izan dira: Euskadirekin lotutako gaiak (% 46), Espainiari buruzkoak (% 32) edo biak (% 16). Gainera, hamar euskal herritarretatik lauk aitortu dute hauteskundeak errepikatu izanak eragin handia edo dezente izan duela botoa emateko orduan.

Halaber, inkestatuen % 80k hauteskunde-kanpaina hasi aurretik (oraingoan astebete baino ez du iraun), erabakita zuten botoa ematera joatea, % 10ek kanpainan zehar erabaki zuten, % 2k hausnarketa-egunean eta % 7k azaroaren 10ean bertan.

Abstenitzeko erabakiari dagokionez, % 61ek aldez aurretik pentsatuta zuten, % 14k kanpainan zehar erabaki zuten eta % 18k hauteskundeak izan ziren egunean bertan. Botoa ez emateko arrazoi nagusia politikariekin "desengainu sentimendua" izan zen (kasuen % 44).

Boto-emaileen % 59k konbentzituta eman zuten botoa, % 11k zalantzekin eta % 29k "aukera txarren artean onena zelako" (apirilean % 17k).

Soziometroaren arabera, botorik eman ez zutenen artean, %19k bakarrik diote, emaitzak ikusita, nahiago luketela botoa ematera joan izan balira.

Eusko Jaurlaritzaren inkesta horrek, datorren urteko EAEko hauteskundeei buruzko atal labur bat jasotzen du: herritarren % 41ek EAJk irabaztea nahi dute,% 11k EH Bilduk,% 6k Elkarrekin Podemosek eta % 6k PSE-EEk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE PP Euskal Autonomia Erkidegoa Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak EH Bildu Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Vox Hauteskunde Orokorrak Emaitzak