Politika -
XIV. legegintzaldia
Meritxell Batet eta Pilar Llop hautatu dituzte Kongresuko eta Senatuko presidente
Azkenean, ez zaio eskuin muturrari betorik ezarri: Voxek Presidenteordetza bat izango du Kongresuko Mahaian.
EITB.EUS
Bi sozialista izango dira Gorte Orokorren buru XIV. legegintzaldian: Meritxell Batet katalana Kongresuko presidente izango da, eta Pilar Llop madrildarra, Senatukoa. Biak ala biak gehiengo soilez eta bigarren bozketan hautatu dituzte.
Kongresuan, PSOEk, Unidas Podemosek, EAJk, Mas Paisek, Compromisek, PRCk eta CC-NC koalizioak egin dute Bateten alde (botoa sekretua da, baina alderdiek iragarritakoaren arabera hori pentsa liteke). Guztira, 166 boto. Beste hautagaiak, Ana Pastor 'popularrak', berriz 140 boto eskuratu ditu (Alderdi Popularrarenak, Navarra Sumarenak, Foro Asturiasenak eta Voxenak).
Aurrez, beste bozketa bat izan da Kongresuan, baina ezein hautagaik (Batet eta Pastorrez gain, Voxeko Macarena Olona ere aurkeztu da) ez du beharrezkoa den gehiengo osoa lortu (176 boto edo gehiago).
Lehenengo bozketan bezala, bigarrenean 19 boto baliogabe izan dira. Izan ere, ERCk eta Juntsek "Llibertat" idatzi dute boto-paperetan 'proces' auzian zigortutako politikarien omenez. Bestalde, CUPek, EH Bilduk eta BNGk (amnistia eta autodeterminazioa), 'Askatasuna' eta 'Sempre por Galiza' (beti Galiziaren alde) idatzi dute, hurrenez hurren, euren paperetan. Horrez gain, 11 boto zuri izan dira (Ciudadanos eta Teruel Existerenak).
Kataluniako auzia oso presente egon da bilkuran. Marta Rosigue ERCko diputatu eta Adineko Mahaiaren idazkariak esaterako, preso dauden diputatu ohi kataluniarrak izendatu ditu diputatu hautetsien zerrenda irakurtzen hasi baino lehen.
BIDEOA | Rosiquek preso dauden diputatu ohi kataluniarrak izendatu ditu zerrenda pasatzean
Goi Ganberan, Pilar Llop sozialista aukeratu dute Senatuko presidente, 130 botorekin. Llop ere bigarren itzulian hautatu dute, lehenengoan ez baitu gehiengo osoa (133 boto) erdietsi.
Llop genero indarkerian espezializatutako epailea da. Manuel Cruzen lekua hartu du senatari madrildarrak.
Koldo Martinez Nafarroako senatari autonomikoari (Geroa Bai) egokitu zaio Senatuko bilkurari ekitea, eta euskaraz egin du hitzaldia, "dagoen aniztasuna defendatu beharreko aberastasuna dela" aldarrikatzeko.
BIDEOA | Martinezek euskaraz hasi du Senatuaren eraketa ekitaldia