Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Arantxa Tapia: "Energia berriztagarrien % 15 lortzeko modurik onena eolikoak dira"

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak haize-erroten aldeko apustua egin du, "Nafarroan bezala". 2024ko urtarrilaren 1a aipatu du AHT martxan jartzeko data, "paraleloan lan eginez gero".

Arantxa Tapia
Arantxa Tapia
Arantxa Tapia

Radio Euskadi | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) haize-parke gehiago eraikitzearen alde agertu da asteazken honetan Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua, Radio Euskadiko Boulevard albistegian. Izan ere, EAEn sortutako energia berriztagarria % 7tik % 15era igotzea da Eusko Jaurlaritzaren asmoa. "Mendietan eta itsasoan haize-parkeen aldeko apustua egin behar dugu", esan du Tapiak, eta udalerrietako oposizioari eta ingurumen gaiei egotzi die azken hamarkadako geldialdia. "Helburuak betetzeko energia berriztagarria sortu behar dugu, eta energia eolikoa da modurik eraginkorrena", azpimarratu du. "Kopiatu dezagun Nafarroako eredua, Euskadin garatutako teknologiarekin osatutako parke eolikoa jar genezake martxan".

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanei dagokienez, Arantxa Tapiak ideia bat azpimarratu du: "Ezin gara obra bat aurrera eramateko zain egon hurrengoarekin hasteko". Arrazoi horregatik, lanak "paraleloan" egin behar direla esan du: "Obrak amaitu, bideak eta elektrizitatea jarri, probak egin eta zerbitzua eskaini". Horrela, "2024ko urtarrilaren 1erako posible izan daiteke".

Arabako Mahastien jatorri-izenaren inguruan Arabako Errioxan piztu den polemikari buruz, Tapiak ziurtatu du bide horren aldeko apustua egiten duten ardogileek horretarako "aukera" izan dezaketela, "guztiz zilegi delako". "Erabakitzen duten bidean babesa emango diegu, Errioxako jatorri-izenarekin jarraitzea erabakitzen dutenei ere". Testuinguru horretan, Arabako mahastientzako "marka ezberdin baten" alde egin du Tapiak, baina Errioxatik kanpo jatorri-izena edota gaur egunfo terminoak aldatu gabe.

Iberdrolak Gamesa uztea adostu du, hainbat hilabetetako eztabaidaren ostean. Ia 1.100 milioi eurogatik salduko du Siemens Gamesan duen parte-hartzea. Arantxa Tapiaren iritziz, albistea "ez da ona", baina Siemens-Gamesa orain "auzitegietatik eta hedabideetatik kanpo" dagela dio. Adierazi duenez, Siemenseko zuzendaritzatik ziurtatu diote konpainiaren gaur egungo jarduerak Euskal Herrian jarraituko duela, eta "Euskadiren aldeko apustua egiten jarraituko dutela", baina aitortu du erabaki horrekin zentroak Euskaditik aldentzeko "arriskua" dagoela. Tapiak baztertu egin du Eusko Jaurlaritzak Iberdrolak konpainian utzitako hutsunea betetzeko aukera.

Tapiak begi onez ikusten du Sinedorrek euskal siderurgien fusioaren alde egindako proposamena, "dimentsioa irabaziko litzatekeelako, lehiakortasuna handitu eta posizio hobea lortuz".

Elkarrizketa Sozialeko Mahaian lortutako akordioari buruz, Tapiak nabarmendu du "alde guztiek identifikatuko dituztela industriaren etorkizuneko beharrak digitalizazioari dagokionez, eta, ondorioz, enpleguari, prestakuntza-premiei eta gardentasunari dagokienez ere". Jaurlaritzak, patronalak, CC.OO.-k eta UGTk hartutako konpromisoa "aurrerapauso positiboa" da. ELAri eta LABi hausnarketa eskatu die, bere ustez jarraipen nabarmenik izan ez zuen greba orokorraren emaitzengatik: "Elkarrizketa Sozialerako Mahaia irekita dago".

Bestalde, 24 ordutan industrian bi lan-istripu izan ostean, Arantxa Tapiak bere ikuspuntua eman du: "Segurtasunean eta prebentzioan neurri gehiago hartu behar dira. Langile guztiak sentsibilizatu behar dira, ez gaitezen fidatu". Bere esanetan, “gure enpresen DNA kalitatearekin lotuta dagoen bezala, segurtasunarekin ere gauza bera egin beharko litzateke”.

"Renove Planarekin auto gehiagotara iritsi nahi dugu, CO2 isuriak murriztuz". Sailburuak azaldu duenez, "errepidetik ahalik eta ibilgailu zahar gehien kentzea da helburua”, eta, horretarako, 2.000 eurotik 1.000 eurora murriztu dute laguntza, bestelako neurri batzuk hartzeko. "2050erako auto guztiak izan behar dira elektrikoak, baina oraindik diru asko behar da", aitortu du Tapiak, gasolina erabiltzen duten autoei zuzendutako laguntzei eutsiz.

Trantsizio ekologikoaren arrisku ekonomikoez ohartarazi dute euskal enpresa handiek azken asteetan. "Errealistak gara", ziurtatu du Tapiak. "Pixkanaka beteko ditugu helburuak", egun batetik bestera "ezinezkoa delako ibilgailu guztiak elektrikoekin ordezkatzea". Ildo horretatik, "helburuetatik jaitsi gabeko trantsizio" baten alde agertu da. Tapiak azaldu duenez, "baliabide gehiago dituzten pertsonek auto elektrikoak eduki ahal izango dituzte, baina ez besteek", eta aldaketa horrek "ezberdintasun sozial gehiago ez eragiteko" eskatu du.

Tapiak ukatu egin ditu Maddalen Iriarteren (EH Bildu) eta Rosa Martinezen (Elkarrekin Podemos) kritikak, Eusko Jaurlaritza "balazta bat" dela uste baitute. Sailburuaren ustez, "Lehendakariak erritmoa, abiadura eta konstantzia eskatzen ditu, azeleraziorik eta balaztarik gabe". Hauteskunde autonomikoak aurreratzeko zurrumurruen inguruan ez du hitz egin nahi izan, baina adierazpen horiek "kanpainaurrearen baitan" kokatu ditu.

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Politika EAJ-PNV Iberdrola Eusko Jaurlaritza ELA LAB Siemens Gamesa Alderdi politikoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Abiadura Handiko Trena Sindikatuak CCOO UGT Eguzki energia Energia kontsumoa