Politika -

Zaldibarko luizia

Oposizioak Jaurlaritzak luiziaren aurrean egindako kudeaketa gaitzetsi du

09:30ean hasi da lehendakariaren eta hainbat sailbururen agerraldia. Taldeen bozeramaileek hartu dute hitza, eta gogor gaitzetsi dute Jaurlaritza.

Lehendakaria, gaurko agerraldian. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Lehendakaria Diputazio Iraunkorreko agerraldian.
Lehendakaria, gaurko agerraldian. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oposizioko taldeetako bozeramaileek Eusko Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegiko luiziaren aurrean egindako kudeaketa gaitzitetsi dute, astearte honetan, Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorreko Mahaian Iñigo Urkullu lehendakaria egiten ari den agerraldiaren hasieran. Agerraldian, Urkullurekin batera, Iñaki Arriola Ingurumen, Nekane Murga Osasun, Maria Jesus San Jose Lan eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ere ari dira azalpenak ematen, oposizioak egindako eskaerei erantzunez.

Agerraldia 09:30ean hasi da Diputazio Iraunkorrean; izan ere, lehendakariak apirilaren 5erako hauteskundeak deitu dituenez, Legebiltzarra deseginda dago. Oposizioko taldeen, handienetik txikira, bozeramaileen galdera sortarekin abiatuko da saioa; hala, Maddalen Iriartek (EH Bildu) nabarmendu du espero duela gaurko agerraldian "egia osoa" jakitea gertatutakoaren harira eta "gardentasuna" eskatu du. Horren iritzian, "osasun krisi baten aurrean gaude, baina baita sinesgarritasun krisi baten aurrean ere, eta horri giza tragedia erantsi behar zaio", bi langilek hondakinen azpian jarraitzen dutelako.

Iriarteren esanetan, Urkulluk "berandu eta behartuta" eman ditu azalpenak: "Krisi honek hondakinen gaia jarri du mahai gainean", esan du, eta "sinesgarritasun-krisia" sortu dio Jaurlaritzari: "Ez da batere kontuz ibili, mezu batzuk bota ditu eta gerora ezeztatu behar izan ditu, eta, gainera, maezu horiek kezka eragin diete herritarrei".

Lehendakaria eta sailburuak ''berandu eta behartuta'' agertu direla salatu du Iriartek
Lehendakaria eta sailburuak ''berandu eta behartuta'' agertu direla salatu du Iriartek
Lehendakaria eta sailburuak ''berandu eta behartuta'' agertu direla salatu du Iriartek

9:54

Jaurlaritzak "ez du maila eman", eta "enpatia-eza, koordinazio-eza eta gardentasun-eza izan dira, ez da kontrolik izan", adierazi du Iriartek. "Gaindikatuta egon da Jaurlaritza, eta lehendakaria, hasieran, desagertuta".

Elkarrekin Podemoseko Lander Martinezen esanetan, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa "oso txarra" izan da. Nabarmendu duenez, otsailaren 6an gertaturikoa "ez zen natura-hondamendia, baizik eta administrazioaren hainbat zabarkeriaren ondorioa, eta, azkenean, txarrenera iritsi gara: bi langile lurperatuta daude oraindik, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze".

Martinezek Urkulluren Jaurlaritzaren "lidergorik eza" deitoratu du: "Denbora luzeegia eman du hondamendi hau kudeatu aurretik", eta, "astebete igarota ere, jarraitzen du maila eman gabe", esan du.

Elkarrekin Podemoseko ordezkariak gogora ekarri du zabortegiaren inguruan bizi diren “milaka” lagunek osasuna “mehatxatuta” dutela, eta salatu du Jaurlaritzaren kudeaketak “hutsak” izaten jarraitzen duela.

Lander Martinezek lehendakariaren ''sentsibilitate eta lidergo falta'' kritikatu ditu
Lander Martinezek lehendakariaren ''sentsibilitate eta lidergo falta'' kritikatu ditu
Lander Martinezek lehendakariaren ''sentsibilitate eta lidergo falta'' kritikatu ditu

6:38

Alderdi Popularraren aldetik, Alfonso Alonsok ere gaitzetsi du nola kudeatu duen Jaurlaritzak krisi hau, eta galdetu dio bere buruari aukerarik izan ote zen "saihesteko"; izan ere, Eusko Jaurlaritzak bazekien zabortegian irregulartasunak zeudela.

Alonsok esan du "erantzukizuna ezkutatu" dela: "Goi-karguek ez dute hitza hartu presioa hazten hasi arte", eta, azkenean, lehendakariak eta sailburuak azalpenak eman behar izan dituzte. Alonsoren esanetan, horrek denak "mesfidantza" sortu du herritarrengan, erakunde publikoen aurrean.

Zabortegiaren arduradunek egiten zuten negozio handia nabarmendu du Alonsok, eta eskatu dio Jaurlaritzari azaltzeko hondakindegian jasotako hondakin-kopuruaren gorakadaren berri ote zuen; halaber, galdetu dio Jaurlaritzari hondakinen jatorriaren berri ote zuen. Bestalde, Jaurlaritzari eskatu dio azaltzeko zergatik ez zion enpresaren aurkako espediente bati hasiera eman "irregulartasunen" berri izan ostean.

Gertatutakoaren larritasuna ''minimizatzea'' leporatu dio Alonsok Jaurlaritzari
Gertatutakoaren larritasuna ''minimizatzea'' leporatu dio Alonsok Jaurlaritzari
Gertatutakoaren larritasuna ''minimizatzea'' leporatu dio Alonsok Jaurlaritzari

5:52

Horrez gain eskatu dio lehendakariari azal dezan zergatik errefusatu egin zuen Larrialdietako Unitate Militarrak eskainitako laguntza: "Arrazoia politikoa da, ala operatiboa", galdetu dio.

Bestalde, EAJk eta PSE-EEk oposizioaren aurka egin dute, eta gauzak “txarrera” joatea nahi izatea eta “sufrimendua” hauteskunde “interesekin” erabiltzea egotzi diote.

Joseba Egibar jeltzalea eta Jose Antonio Pastor sozialista oso kritiko agertu dira oposizioko taldeekin. Horren ildotik, PSE-EEko kideak salatu du herritarren kezka “arrazoituak” areagotu egin dizkuetela interes “ezkutuak” dituztenek.

Era berean, EAJko bozeramaileak deitoratu egin du oposizioak “zatiketaren bidea” hautatu izana, “batasunaren alde” lan egitea aukeratu beharrean. “Gobernuak ez du barita magikorik. Ez dut ulertzen batzuen jarrera: batasunaren alde egin beharrean, muturretan kokatzen dira”, gaineratu du.

Egibarrek deitoratu egin du oposizioak “zatiketaren bidea” hautatu izana
Egibarrek deitoratu egin du oposizioak “zatiketaren bidea” hautatu izana
Egibarrek deitoratu egin du oposizioak “zatiketaren bidea” hautatu izana

7:38

Zaldibarko krisia politikoki erabili nahi izana kritikatu du Pastorrek
Zaldibarko krisia politikoki erabili nahi izana kritikatu du Pastorrek
Zaldibarko krisia politikoki erabili nahi izana kritikatu du Pastorrek

7:11
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarra Alderdi politikoak berriak EH Bildu PSE-EE albisteak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Zaldibar Durangaldea azken ordukoa Lur-jausiei buruzko albisteak