Politika -

Koronabirusa

Erkoreka: "Egonkortasun puntu batera iristeko moduan egon gintezke"

Kontingentzia-planari esker zainketa intentsiboetako unitateetan ohe kopurua bikoiztu edo laukoiztu daitekeela adierazi du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EiTB
Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea.
'Test arinak aste honetan zehar iritsiko dira eta lehentasunak ezarri beharko dira'

17:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eragin duen krisiaren bilakaera aztertuta, "egonkortasun puntu batera iristeko moduan" egon gintezkeela ziurtatu du astelehen honetan Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Halaber, Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, gaixotasunaren gailurra apirilean irits daiteke eta, hortik aurrera, COVID-19 gaitzaren bilakaera beheranzkoa izango litzateke.

Erkorekak ETB1eko Egun On Euskadi saioan egindako elkarrizketan ziurtatu duenez, euskal osasun sistema "ez dago gainezka", eta Jaurlaritzak egindako aurreikuspenen arabera prest dago beharrak handitzen direnerako "gure baliabideekin erantzuteko".

Halaber, kontingentzia-planari esker zainketa intentsiboetako unitateetan ohe kopurua bikoiztu edo laukoiztu daitekeela adierazi du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Horrenbestez, euskal osasun sistema horrelako egoera bati "erantzuteko moduan" dagoela uste du.

"Ez gaude ez gainezka eginda ezta itota ere, eta horrelako egoeretan beharra handituz gero, geure baliabideekin erantzun ahal izateko eginda daude aurreikuspenak. Gaur egun, hemen ditugun beharrei gure eskura ditugun baliabideekin erantzuteko moduan gaude, bai osasun ikuspegitik, baita beste edozein arlotatik ere", ziurtatu du Erkorekak.

Dena dela, "emandako hitza" bete dezan eskatu dio Espainiako Gobernuri, izan ere, autonomia erkidegoek "agindutako osasun materiala lehenbailehen" eskuratu behar dutela azpimarratu du, besteak beste, test arinak egiteko beharrezkoak diren tresnak eta baliabideak aipatuz.

Horren harira, Espainiako Gobernuak aste honetan bertan koronabirusa atzemateko test horiek bidaliko zituela esan zuela gogora ekarri du, eta, "logikoa denez", osasun arloko profesionalek eta segurtasun arduradunek lehentasuna izango dutela nabarmendu du. "Hortik aurrera, osasun arduradunek plan bat egingo dute, eta zehaztuko dute testak nola erabili, eta zein lehentasunekin", esan du.

Bestalde, orain arte hartutako neurriak ekonomiaren ikuspegitik "gogorrak" izan direla adierazi du Erkorekak, baina ezin direla "koma ekonomikoa eragin dezaketen neurriak" hartu ziurtatu du. Dena dela, "pertsonen osasuna eta segurtasuna" beti babestu eta bermatu behar dela nabarmendu du.

"Ez dugu uste ekonomia erabat gelditu behar denik, koma ekonomikoan murgiltzea ona denik, gero hori dena berriro martxan jartzea askoz zailagoa izan daitekeelako berpizteko unea iristen denean. Ahal den neurrian, bata bestearekin batu behar da, ekonomia ahal den neurrian mantendu, baina beti pertsonen osasuna eta segurtasuna erabat babestuz eta bermatuz", berretsi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Politika Osakidetza Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa