Politika -

Kronabirusa

EAJk alarma egoera luzatzea erraztuko du aldeko botoarekin

EH Bildu lan erreforma bertan behera uztea negoziatzen ari da Gobernuarekin. Dekretuak aurrera egiteko nahikoa boto jaso ditu (177), Ciudadanosi, Mas Paisi, Teruel Existeri eta PRCri esker.

Sanchez, Kongresuan. Argazkia: Efe
Sanchez, Kongresuan. Argazkia: Efe
Sanchez, Kongresuan. Argazkia: Efe

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak iragarri du alarma egoera bi astez luzatzearen alde bozkatuko dutela alderdiko 6 diputatuek, eta horrekin aurrera egingo du dekretuak, guztira 177 aldeko boto pilatuko baititu aldeko jarrerak.

Estebanek esan du alarma egoera luzatzeko dekretuan jasotzen denak jeltzaleen eskaerekin bat egiten duela, tartean "elkarrekin gobernatzeko" eta erkidegoekin elkarrizketa sustatzeko eskaerak. Horregatik jo du "positibo".

"Elkarrizketan sakontzen den heinean, gauzak bide onetik doaz. Asmatu egin genuen eta orain berretsi egin da, akordioak erkidegoetako presidenteek egitea da onena", defendatu du diputatuak.

Era berean, txalotu egin du Espainiako Gobernuak Estebanek berak Kongresuan botatako proposamena jasotzea, hau da, alarma egoera lurralde batzuetan indarrean egotea eta beste batzuetan ez, bakoitzaren egoeraren arabera, eta berdin goraipatu du aurrerantzean erkidegoek Salvador Illa Osasun ministroarekin soilik hitz egitea, "beste pauso bat" delako "norabide onean".

EH Bildu lan erreforma bertan behera uztea negoziatzen

Mertxe Aizpurua Kongresuan EH Bilduk duen bozeramaileak eztabaidan esan du 2012ko lan erreforma "osorik" bertan behera uztea ari dela negoziatzen Espainiako Gobernuarekin, eta akordioaren berri gaur bertan ematea espero duela. Izan ere, horren araberakoa izango da luzapenari emango dioten botoa.

Aizpuruak esan du akordio hori "langile eta eragile sozialen garaipen txiki bat" izango litzatekeela, "horren injustua den eta patronalari horrenbeste mesede egiten dion erreformaren aurka borroka" egin ostean.

"Gaur lan erreforma osorik bertan behera uzteko akordiora iristea espero dugu", nabarmendu du Aizpuruak, eta Espainiako Gobernuarekin "hordagorik gabe" eta "diskrezioz" negoziatzen aritu direla azaldu du.

EH Bilduko iturrietatik esan dute negoziazioa alarma egoeraren luzapenari buruzko elkarrizketen eta Espainiako Gobernuak akordiora iristeko duen "jarrera ona"ren baitan kokatu behar dela.

Bozketa estua

Koronabirusaren agerraldiari aurre egiteko asmoz, Espainiako Gobernuak joan den martxoaren 14an ezarri zuen alarma-egoera luzatzeko bozketarik estuena egingo dute gaur, asteazkena, Kongresuan.

Dena dela, bosgarren luzapenak 15 egun (ekainaren 7ra arte) irautea adostu dute Sanchezen exekutiboak eta Ciudadanosek astearte honetan, Espainiako Gobernuko presidenteak hilabeteko iraupena izatea nahi zuen arren. Horrez gain, koalizio-gobernuak CCren, EAJren, Mas Paisen, Teruel Existeren eta PRCren babesa ere izango du; beraz, gaur egingo duten bozketan, aldeko 177 botorekin, bermatuta dute dekretuak aurrera egitea.

Espainiako Gobernuko presidenteak eta hainbat ministrok behin baino gehiagotan azpimarratu dutenez, alarma-egoeraren luzapen berria onartuz gero, gaitzari aurre egiteko kudeaketa autonomia erkidegoekin elkarlanean egin nahi dute, eta, beraz, arlo horretan negoziazioak egin dituzte azken orduotan alderdi politikoekin.

ERCk, adibidez, gaur bozkatuko duten testuari zuzenketa bat egitea proposatuko du, "kogobernantza" indartzeko helburuarekin. Deseskalatze prozesuan, erabakiak Osasun ministroak eta erkidegoetako presidenteek osatutako agintari eskudunen arteko "adostasunaren ondorio" izatea eskatzen du alderdiak.

Sanchezen agerraldia

Kongresuan egokitu zaion tartean, Sanchezek esan du erkidegoek "erabakitzeko gaitasun osoa" berreskuratuko dutela deseskalatze prozesuan, baina gogorarazi du ez zutela "elkarrekiko ardura sekula galdu" alarma egoera martxan jarri zenetik.

Alarma egoeraren 10. astea bete denean, Espainiako Gobernuko presidenteak uste du "askoz ere argiago" dagoela eskumenak nola kudeatu dituzten batzuek eta besteek.

Hala, gogorarazi du martxoaren 14an bertan, alarma egoera ezarri zenean, aipatzen zela agintaritza zentralizatuak ez dizkiela kentzen "funtzioak" erkidegoetako sailburuei, eta osasun zerbitzuen kudeaketa horien esku zegoela berdin-berdin.

Sanchezek azaldu duenez, Espainiako Gobernuak "ez ditu ohiko agintariak ordezkatu zerbitzuen kudeaketan", eta soilik "indartu egin da koordinazioa" osasun publikoan, ordena publikoan eta mugikortasunean.

Orain, deseskalatze prozesuarekin eta Sanchezek proposatzen duen luzapen berriarekin, agintea Salvador Illa Osasun ministroan egongo da zentratua, baina osasun aginte berri horrek ez du erkidegoekin "batera gobernatzea baztertzen", nabarmendu du presidenteak.

Bestalde, argitu du deseskalatzea ez dela "azterketa bat edo erkidegoen arteko lehiaketa bat, baizik eta zientzia eta zuhurtzia ariketa bat".

Casadorentzat arduragabea litzateke babestea

Pablo Casado PPren buruak, bere aldetik, noraezean joatea leporatu dio presidenteari, "estrategiaz eta kideez aldatzen" ari delako; hori horrela, baieztatu egin du ezezkoa emango diola luzapenari, "arduragabea" izango litzatekeelako babesa ematea.

Kongresuan hitza hartu duenean, esan du PP "honaino" iritsi dela, eta "inor ez" dela Sanchezez "fio", ezta inbestidura ahalbidetu zutenak ere, eta amaiera arte "xantaia" egiten diotela.

Alarma egoeraren luzapena "enkante" bihurtu duela kritikatu du, eta tartean Kataluniako negoziazio mahaia berreskuratzeko "separatistak" eta ETAko presoak gerturatzeko "batasunoak" sartu direla.

Abascalek "milaka" hildako eragitea leporatu dio

Santiago Abascal Voxen presidenteak, kontra bozkatuko duenak, Gobernuaren kontra protesta egiteko deia egin die herritarrei, "milaka" hildakoren eta "milioika" herritar txirotzearen errudun dela iritzita. Gainera, Ciudanosi "ekidistantzia" egotzi dio, Gobernuaren "banda" izatea.

"Zuek zarete errudunak", adierazi du Abascalek gobernukideei begira, alarma egoera luzatzeko saioan. Voxen buruak agendari begira joateagatik oinezko bat harrapatzen duen gidariaren pare jarri du Espainiako Gobernua: "Espainia gidatzen ari zineten agenda ideologikoari begiratzen zenioten bitartean, eta gure milaka herrikideren heriotza eragin duzue".

Abascalek esan du 50.000 direla hildakoak, nahiz eta kopuru ofizialetan 27.000 agertu, eta neurriak garaiz hartu izan balitu horietako asko galarazi egingo lituzkeela esan dio Sanchezi. Izan ere, Abascalek uste du 30.000 pertsonaren bizitza salbatuko zela Gobernuak ez bazuen otsailean zuen informazioa "ezkutatuko", edo martxoaren 8ko manifestazio feminista baimenduko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV PSOE PP Gaixotasunak Pedro Sánchez EH Bildu Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Vox ERC Koronabirusa Alarma egoera