Politika -

Frankismoa

'Billy el Niño'ri dominak kentzea onartuko du gaur Kongresuak, akordio bati esker

PSOEk, Unidas Podemosek eta Ciudadanosek adostu dute proposamena. Inspektore frankista ohia hil eta aste gutxira bozkatuko dute legez besteko proposamena Kongresuan.

Antonio Gonzalez Pacheco, 'Billy el Niño'. Argazkia: EFE
Antonio Gonzalez Pacheco, 'Billy el Niño'.
Antonio Gonzalez Pacheco, 'Billy el Niño'. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diktaduraren azken urteetan torturak egiteagatik gizateriaren aurkako krimenak egin izana leporatuta salaketa ugari jaso zituen Antonio Gonzalez Pacheco, Billy el Niño, polizia ohiari, eta frankismoko beste polizia eta funtzionario batzuei ere, jasotako sariak kentzeko ekimen parlamentarioa onartuko dute gaur Kongresuan, PSOE, Unidas Podemos eta Ciudadanosen arteko akordio bati esker, askorentzat berandu iritsi den eztabaida baten ostean.

Zehazki, PSOEk eta Unidas Podemosek sinatutako legez besteko proposamena da, eta Ciudadanosek egindako zuzenketa bat jasotzen du. Proposamena gaur bozkatuko da, inspektore frankista ohia hil eta aste gutxira.

Hain zuzen ere, dominak kentzea zen Unidas Podemosek Pedro Sanchezi inbestiduran babesa emateko jarritako baldintzetako bat, baina COVID-19ak eragindako pandemiak konpromiso hori atzeratu zuen, eta polizia ohia jasotako sari guztiekin hil zen.

Asteazken honetan, Kongresuan ordezkatuta dauden taldeen mezuek ez dute ezusteko handirik ekarri, Iñigo Errejon Mas Madrid alderdiko diputatuaren hitzaldia izan ezik; izan ere, lehen aldiz bere aitaren inguruan hitz egin du hemizikloan. Bere esanetan, ez zuen horretaz hitz egiteko asmorik, baina Guillermo Diaz Gomez Ciudadanoseko diputatuaren hitzak entzun ondoren hartu du erabakia.

Vox alderditik, Jose Maria Sanchez Garciak iragarri du bere taldeak kontra bozkatuko duela gaurko bozketan, besteak beste, "edozein gauza berrikusteko asmoen aurka" dagoelako, "horrek ez baitu ezertarako balio", horren arabera. Ildo horretatik, testuan "Espainiako Bigarren Errepublikako buruzagien krimenen inguruko aipamenik egin ez izana" egotzi die proposamena egin dutenei.

Bestalde, Luis Santamariak (PP) ekimena bultzatu duten alderdiak kritikatu ditu, "iraganaz hitz egiten tematzen baitira"; izan ere, "gaur egungo Poliziaz hitz egitea ministro faltsuaz hitz egitea litzateke" (Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa zeharka aipatuta), gaineratu du.

Gonzalez Pacheco 73 urterekin hil zen, epaileek horren kontrako salaketak ikertu barik, azken urteetan haren biktimek zenbait kereila aurkeztu arren. Frankista ohiak pentsioan % 50eko igoera zuen, 1972 eta 1982 bitartean jasotako lau dominei esker.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE Espainia Alderdi politikoak Gizartea Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa Koronabirusa