Politika -

ELKARREKIN PODEMOS

Garrido: "Urkullu, Revilla eta Feijooren ereduak ez du euskal gizartea ordezkatzen"

Agerraldi telematikoan, Elkarrekin Podemosek primarioetako emaitzen berri eman du: Pilar Garrido aukeratu dute koordinatzaile kargurako.

Pilar Garrido, Elkarrekin Podemoseko koordinatzailea. Argazkia: EFE.
Pilar Garrido, Elkarrekin Podemoseko koordinatzailea. Argazkia: EFE.
Pilar Garrido, Elkarrekin Podemoseko koordinatzailea. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egungo eredu politikoa alboratzea lortuko duen herritar mugimendu zabal bat sortzea eta martxan jartzea da Pilar Garrido Elkarrekin Podemoseko koordinatzaile berriaren helburu nagusia. Horren hitzetan, "Urkulluk, Revillak eta Feijook ordezkatzen duten ereduak ez du euskal gizartea ordezkatzen", eta beharrezkoa da jokaleku hori aldatzea.

Ezkerreko alderdien aliantza batetik etor daiteke aldaketa, alderdi moreko kidearen ustez, eta, beste behin,  ezkerreko gobernu bat osatzearen alde agertu da. "Elkartasuna eta justizia soziala" erdigunean jarrita, krisitik ateratzea "ahalbidetuko" duen ezkerreko gobernua eraiki nahiko luke Garridok.

Azken 40 urteotan "espazio politiko horretan" egon diren alderdiek ez dutela eredua aldatzen asmatu nabarmendu du, "erosotasunagatik, batzuk, eta, etsipenagatik, besteek".  Elkarrekin Podemosen jarrera "oso bestelakoa" dela adierazi du koordinatzaile berriak, eta aldaketa posible dela erakustera omen datoz. "Herritar mugimendu indartsu bat sortzen laguntzera gatoz", gehitu du.

Agerraldi telematikoan, Elkarrekin Podemosek duela aste batzuk zuzendaritza berritzeko abian jarritako primarioen emaitzen berri eman du. Erraz irabazi du Garridok, botoen % 84 bereganatuta. Maria Luisa Gadea izan du lehiakide, eta horrek % 15,9ren babesa jaso du.

'Zubiak'  izeneko hautagaitza aurkeztu zuen Garridok, eta, besteak beste, David Soto, Asun Merinero eta Miren Gorrotxategi ditu zerrendakide.

Koordinatzaile aukeratu berritan egin duen lehendabiziko hitzaldian, eskerrak eman dizkie militanteei, eta Elkarrekin Podemos "indartsuago eta iklusiboago" baten alde lan egingo duela hitz eman du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Podemos Ahal Dugu Nafarroa Miren Gorrotxategi albisteak