Politika -

'Kitchen' operazioa

Kongresuaren gehiengoa, PP ikertzearen alde

ERCk, Pluralek eta EH Bilduk eskari bat prestatuko dute, 'Kitchen' operazioarekin lotutako informazioengatik, PP ikertuko duen ikerketa batzorde bat sor dezaten.

Maria Dolores de Cospedal eta Mariano Rajoy. EFEren artxiboko irudia
Kongresuaren gehiengoa, PP ikertzearen alde
Maria Dolores de Cospedal eta Mariano Rajoy. EFEren artxiboko irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ERCren, Pluralen eta EH Bilduren talde parlamentarioak, eta CUP alderdia besteak beste, eskari bat prestatzen hasi dira astearte honetan, Kitchen operazioarekin lotutako informazioengatik, Diputatuen Kongresuan PP ikertuko duen ikerketa batzorde bat era dezaten.

Gabriel Rufian ERCren bozeramaileak eman du horren berri, prentsaurreko batean. Rufianek iragarri du PSOErekin eta Unidas Podemosekin ere hitz egingo dutela.

Behin eskaria eginda (oraindik idazteke dago), Mahaiak erabaki beharko du izapideak abiatuko dituten ala ez. Horretarako beharrezkoa da Ganberako zerbitzu juridikoen irizpidea.

Nolanahi dela, bada aurrekaririk: XII. legegintzaldian PPren finantziazioa ikertu zuen batzordea eta iragan astean Podemosen finantzekin lotuta Mahaiak tramitatu zuena, esaterako.

Rufianen esanetan, JxCat Mas Pais, Compromis eta BNG (Plural taldea), EH Bildu, CUP eta ERC dira oraingoz ikerketa abiatzeko asmoa erakutsi dutenak.

Dena den, PSOEren babesa lortzen saiatuko omen dira, eta, dirudienez, dagoeneko "zirikatu" dituzte nolabait sozialistak.

PSOE, Unidas Podemos, Ciudadanos eta EAJ, ikerketa babestearen alde

PSOEk, Unidas Podemosek, Ciudadanosek eta EAJk begi onez ikusi dute PP ikertuko duen batzorde bat eratzea Kongresuan.

Adriana Lastra PSOEren bozeramaileak eta Pablo Echeniquek (Unidas Podemos), ez dute baztertu nazionalisten proposamena babestea, biek ala biek prentsaurreko banatan adierazi dutenez.

Ciudadanosek ere ez du ezetzik esan, baina haren nahia da esku artean ustelkeria kasuak izan litzaketen alderdi guztiak ikertzea, "Podemos baita", esan du Edmun Bal Kongresuko bozeramaileak.

EAJri dagokionez, onartu du informazioek argi uzten dutela ekimena aztertzeko adina elementu daudela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barcenas auzia Politika PNV-EAJ Ustezko ustelkeria politikoa PSOE PP Espainiako Gobernua EH Bildu Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Podemos Kataluniako Ezker Errepublikanoaren albisteak